Gizartea -
Koronabirusa
Osakidetzak Boroan biltzen du koronabirusaren aurkako osasun-materiala
Osakidetzak erositako edo jasotako materiala Boroako biltegi batean gordetzen du Jaurlaritzak; bertatik banatzen dute osasun-zentroetara.
EiTB.EUS
Zornotzako Boroa auzoan dagoen biltegi batean gordetzen du Osakidetzak COVID-19 gaitzari aurre egiteko material guztia, eta biltegi horretatik banatzen dute material hori behar duten zentroetara.
ETBko kamerak biltegi horretara sartu dira, eta prozesu osoari egin dio jarraipena, materiala iristen denetik banatuta egon arte.
Osakidetzak azaldu du Jaurlaritzak egunero aztertzen dituela materiala jaso behar duten kolektibo guztien beharrak: "Nahitaezkoa da behar horiek gaitzaren bilakaeraren arabera egokitzea, eta kontuan izatea stockeko egoera". Halaber, Espainiako Osasun Ministerioak Banakako Babes Ekipoak erabiltzeko protokoloak egokitzen ditu.
Azterketa hori eginda, Aero-Ferr mezularitza-enpresak egiten du banaketa; materiala "Osakidetzako erakundeei, sektore sozio-sanitarioari, anbulantziei, egoitzei, etxez etxeko laguntzako zerbitzuei, hileta-zerbitzuei, adingabeen zentroei, Ertzaintzari, Udaltzaingoei, edo taxiko zerbitzu bereziei eramaten die".
Koronabirusaren aurka borrokatzeko Osakidetzak eskuratutako materialaren % 88 Eusko Jaurlaritzak berak erosi du, edo zuzenean jasotako dohaintzen bidez iritsi da, Jaurlaritzak zehaztu du; % 12, aldiz, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak eman du.
Eusko Jaurlaritzak esan duenez, Osakidetzak, 2020ko lehen hiruhilekoan, 881.500 maskara, 24,4 milioi eskularru baino gehiago, 570.000 mantal eta 30.600 gel hidroalkoholiko erabili ditu.