Gizartea -
Zaldibarko luizia
Hiru adituk ikerketa abiatu dute Zaldibarko luiziaren kausak argitzeko
Joan den martxoaren 17tik ari dira hiru aditu peritu txosten batean lan egiten, luizi aurreko informaziotik abiatuta.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak peritu txosten bat eskatu dio hiru adituz osatutako ikertzaile talde bati, Zaldibarko zabortegian, Verter Recycling enpresaren jabetzakoa, izandako luiziaren arrazoiak zehazteko.
Adituen taldea Eduardo Alonso Perez de Agreda, Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoko katedraduna; Cesar Sagaseta, Bideetako ingeniari doktorea eta Kantabriako Unibertsitateko irakasle emeritua; eta Jorge Cañizal, Bideetako ingeniari doktorea eta Kantabriako Unibertsitateko Lurraren Ingeniaritzako irakasle titularra, osatzen dute.
Informazioa aztertzeaz arduratuko den teknikari talde bat lagunduko die.
Adituak joan den martxoaren 17tik ari dira peritu ikerketan lan egiten, luizi aurreko informaziotik abiatuta eta lur-jausia izan aurreko hiru dimentsioko eta topografiako eredutik abiatutako metodo bati jarraituz. Metodo horrek ezbeharraren kausak argitzen lagunduko du.
Era berean, adituen taldea informazio historiko guztia aztertzen ari da, urtean isuritako eta bere gaitasun geometrikoaren arabera bereizitako hondakinen kopuruak zehaztuz. Gainera, laborategian ere hainbat saiakuntza egingo dituzte.
Datu guztiekin, adituek peritu txosten bat egingo dute, eta bertan zabortegiko luiziaren arrazoiak adieraziko dituzte.
Ingurumen Sailburuordetzak txosten horren berri eman dio Durangoko Epaitegiari, erakundeak baitu zabortegiko luiziaren lan-agintaritza eta eginbide judizialak.
Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak nabarmendu duenez, "desagertutako pertsonen bilaketak duen garrantziaz gain eta ezbeharrak eragindako arriskuez aparte, luiziaren zergatiak zehazteko unea zela pentsatu dugu'.
Aukeratutako aditu taldea "goi mailakoa da, eta zergatiak zeintzuk izan ziren jakiten lagunduko digute, horrelako egoerarik gehiago gerta ez dadin".