Gizartea -
KORONABIRUSA
Auzitegi Nagusiak dio ez duela eskumenik industriako "azalpen-oharra" deuseztatzeko
ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzaren "azalpen-oharra" 24 ordutan geldiarazteko kautelazko neurria eskatu zuten, ondoren, baliogabetzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak adierazi du ez duela eskumenik, ELA eta LAB sindikatuek eskatu zioten bezala, koronabirusagatik alarma egoeran lanean jarrai zezaketen industria sektoreei buruz Eusko Jaurlaritzak emandako "azalpen-oharra" geldiarazteko eta baliogabetzeko.
Bi ebazpenetan, Salak "azalpen-oharra" baliogabetzeko eskumenik ez duela azaldu du, eta salaketa jarri duten sindikatuei, Eusko Jaurlaritzari eta Fiskaltzari hiru eguneko epea eman die ELAk eta LABek proposatutako oinarrizko eskubideak babesteagatik auzia ebazteko duten eskumenari buruzko alegazioak aurkezteko.
Sindikatu salatzaileek zabaldutako auto batean, ez duela "eskumenik" "azalpen-oharra" geldiarazteari eta baliogabetzeari buruz ebazteko azaldu du Lan Arloko Salak, "ebazpen administratiboa" delako, lege bat baino "maila txikiagoa" duelako eta bere eginkizunetatik kanpo geratzen delako.
Administrazioarekiko auzien bidera jo dezaketela adierazi die auzitegiak sindikatuei.
ELAk eta LABek oinarrizko eskubideak (osasuna, bizitza eta osotasun fisikorako eskubidea) babesteko salaketa aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzaren aurka (baita Nafarroakoaren aurka ere, erkidego horretako epaitegian), joan den astean emandako argibideek milaka langileren bizitza eta osasuna arriskuan jarri zutela iritzita.
Bi exekutiboek martxoaren 31n argitaratutako "azalpen-oharrak" deiturikoei buruzkoak dira salaketak, lan egin zezaketen sektore industrialen zerrenda bat ematen baitzuten, jaiegun batean bezala.
ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzaren "azalpen-oharra" 24 ordutan geldiarazteko kautelazko neurria eskatu zuten, eta, ondoren, baliogabetzeko.
ELAk eta LABek ohar batean azaldu dutenez, Lan Arloko Sala "gai zen hain premiazkoa eta beharrezkoa zen erabaki bat hartzeko, are gehiago milaka pertsonaren osasuna eta bizitza jokoan dagoenean, eta orduro garrantzitsua da koronabirus izurritea geldiaraztea".
Sindikatuek Nafarroako Lan Arloko Epaitegiak oraindik ez duela auziari buruzko iritzirik eman adierazi dute.