Gizartea -

Euskadin

Testa egiten zaienen ehuneko 27k ematen du positibo; hilabeteko portzentaje baxuena

Hala ere, Nekane Murga Osasun sailburuak esan du, "bidea luzea eta gogorra" izango dela, eta inork ezin duela ziurtatu datuek berriro gora egingo ez dutenik.

Osasun-langile batzuk koronabirusaren testekin. Argazkia: EiTB
Osasun-langileak koronabirusaren testekin. Argazkia: EiTB
Osasun-langile batzuk koronabirusaren testekin. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan duenez, koronabirusari aurre egiteko bidea "luzea eta gogorra" izango da, nahiz eta kutsatutakoen eta ospitalizatutakoen portzentaiak behera egin duen. "Inork ezin du ziurtatu zifrek berriro gora egin ezin dezaketenik".

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, Murgak koronabirusaren pandemia Euskadin izaten ari den eraginaren azken datuen (apirilaren 6ko 20:00ak artekoak) berri eman du. Horrela, 211 kasu  positibo berri eman dira, guztira kutsatutako pertsonak 9.021 direlarik, eta horietatik 1.725 ospitalizatuta daudelarik.

Lurraldeka, Araban 2.744 dira pertsona kutsatuak eta 271 daude ospitalizatuta; Bizkaian, kutsatutakoen zifra 4.717koa da, horietatik 1.105 ospitaleetan daudelarik; Gipuzkoan, positibo kausak 1.560 dira, eta 349 pertsona daude ospitaleratuta.

Beste 38 pertsona hil direla, eta Euskadin guztira 586 hildakoen kopurua, gaineratu du Murgak. Horrez gain, adierazi du, pandemia hasi zenetik kezkatzen dituela larritasunez ospitaleratu beharreko pertsonek, batez ere adineko jendeak eta gaixotasun kronikoak dituztenek. Hala ere, ohartarazi du, batzuetan kasu larriak ematen direla gazteetan eta arrisku faktorerik antzemanda ez duten pertsonetan. Lehenagotik gaixotasunik ez zuten eta hil direnen daturik ez du eman, "banakako datuen segurtasunagatik". Gainera, hamarkadaren arabera, lehenagotik gaixotasun kronikorik ez duten pertsonen artetik hiltzen direnen portzentajea ehuneko 0,1 edo 0,3, edota 0,5ekoa dela adierazi du. "Gure datuak beste lurralde eta herrialde batzuetakoekin gainjarri daitezke, eta jarraipena egingo zaie", argudiatu du.

Ospitaleratutako pertsonen kopuruak behera egin eta astearte honetan atzo baino 31 ospitaleratze gutxiago egon direla, adierazi du Osasun sailburuak. Guztira, 3.698 pertsona sendatu dira, edo ospitaleratze-alta hartu dute. COVID-19a antzemateko testak egiten dizkietenen ehuneko 27k ematen duela postibo azpimarratu du Murgak, hilabetean eman den portzentaje baxuena delarik.

Espainiako Gobernuak Euskadira bidaliko dituen 70.000 test azkarrengatik ere galdetu diote Nekane Murgari, eta Osasun sailburuak esan du, PCR testak direla erreminta onena kasuen diagnostiko zehatza egiteko, eta koronabirusak sortzen duen gaixotasuna hobeto ezagutzeko. Euskadin diagnostiko gehienak PCR testekin egiten direla ere esan du. "Test berriak lagungarriak izango dira, eta ebidentzia zientifikoek, aholkularien kontseiluak, Saileko teknikariek eta Osakidetzak, baliagarritzat jotzen dituzten kasuetan erabiliko ditugu", adierazi du Murgak.

Gaur egun, 465 paziente daude etxeko-ospitaleratzearekin, eta jarraipen zehatza egiten zaie, Osasun sailburuak emandako datuen arabera. Araban 100 kasu, Bizkaian 270, eta 90 Gipuzkoan. Pandemia hasi zenetik, guztira 2.000 pertsona egon dira osasun-zentroetako langileen zainketak jasotzen euren etxeetatik, bai telefonoz, bai etxeetara joan diren erizainen bitartez, beste batzuetan osasun-zentroetara joan behar izan dutelarik frogak egin diezazkioten.

Kutsatutakoen portzentajeak behera egin duen arren, koronabirusari aurre egiteko bidea "luzea eta gogorra" izango dela adierazi du Murgak, baita inork ezin duela bermatu kutsatutakoen datuek berriro gora egin ezin dezaketela. Lanean jarraitzeko eta segurtasun neurriak errespetatzen segitzeko deia ere egin du: "Ezin gara erlaxatu", gogorarazi du.

Adinekoen egoitzak

"Ez ditugu adinekoen egoitzak ospitale moduan egokitu, beti oheak izan baitituzte ospitaleetan. Ohe bat behar duenak, badauka", esan du Osasun sailburuak. "Egoitza hauetan dauden pertsonek zainketa bereziagoak behar badituzte medikuen atentzioa jasoko dute, eta behar izatekotan, ospitaleratuak izango dira", gaineratu du Nekane Murgak.

Senideen bisitei buruz galdetuta, hauxe esan du Nekane Murgak: "Badakigu senideak sakrifizio handia egiten ari direla. Familiako kideak pertsona hauengandik ahalik eta gertuen egoteko bideak ahalbidetu ditugu, telefono edota komunikazio telematikoaren bitartez, baita senideei informazioa sarriago eskainiz. Hala ere, pertsonara bakoitzaren kasua banan-banan eta unez-une aztertu behar da. Hain zuzen, horixe da osasun-langileek egiten dutena".

Medikuntzako ikasleen kontratazioa

Bestalde, sindikatuen aldetik medikuntzako eta erizaintzako ikasleak 950 euroko soldatarekin kontratatzeagatik jasotako salaketei buruz ere hitz egin du Murgak. Osasun sailburuak argitu du, Eusko Jaurlaritza akordiora iritsi dela UPV-EHUrekin eta Osasun-Sailarekin, medikuntzako eta erizaintzako azken urteko ikasleak kontratatzeko, hauek laguntzaile lana egingo dute, eta "beti osasun-langile baten ikuskaritzapean".

"Ikasle hauentzat, praktika epe bat bezalakoa izan daiteke, eta baliagarria izan daiteke euren etorkizunerako. Hau boluntarioa da, laguntzaile lanak egiteko, ikuskatuta egongo dira, eta Osasun Sailaren, osasun-zentroen eta UPV/EHUren arteko akordioaren bermearekin", adierazi du Nekane Murga Osasun sailburuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa