Gizartea -
Koronabirusa
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, konfinamendua behin eta berriz hausteagatik
Konfinamendua ezarri zutenetik atxilotutako seigarren pertsona da, eta epe horretan guztira 1.111 pertsona salatu dituzte Gasteizen.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko Udaltzaingoak 39 urteko gizon bat atxilotu du, konfinamendua ez errespetatzeagatik eta agintaritzari desobeditzeagatik. Isolamendua ez betetzeagatik jartzen dioten seigarren salaketa da.
Gasteizko Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, 17:19an gertatu zen, Errege-erregina Katolikoen kalean, Udaltzaingoaren patruila batek bizikletaz zihoan gizon bat ikusi eta harengana jo zutenean.
Etxetik zergatik atera zen galdetutakoan, estanko baten bila zebilela esan zien agenteei hasieran, baina gero etxean giltzapetuta egoteari uko egiten ziola onartu zuen.
Konfinamendua ez betetzeagatik, eta agintaritzari desobedientzia "larria eta behin eta berriz" egiteagatik, atxilotu eta Agirrelandako polizia-etxera eraman zuten. Gaur bertan eramango dute epailearen aurrera, beharrezko izapideak bukatutakoan.
Pandemia ez zabaltzeko ezarritako konfinamendua hasi zenetik Udaltzaingoak sei pertsona atxilotu ditu. Horrez gain, 1.111 pertsona salatu eta 5.771 ibilgailu kontrolatu ditu Udaltzaingoak.