Gizartea -
Koronabirusa
Osasun Ministerioak kaletik eskularruak ez eramatea aholkatu du
Ministerioak adierazi du eskuak sarritan garbitzea eskularruak eramatea baino "eraginkorragoa" dela, baina fruta eta barazkiak erostean erabili eta botatzeko eskularruak erabiltzea gomendatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Kalera irteterakoan eskularruak jartzeak ez du koronabirus berriarekin kutsatzea eragozten, Espainiako Osasun Ministerioak “Osasun Egoera Kronikoa duten Pertsona eta Adinekoen Konfinamendurako Gidaliburua”n jaso duenez.
Idatzi horretan esaten denez, eskularruak “luzaro” erabiltzeak zikindu eta kutsatzea dakar, eta horrek koronabirusak eragiten duen gaixotasuna, covid-19a, hartzeko arriskua areagotzen du, nahi gabe aurpegia ukituz gero.
Gainera, Salvador Illak zuzentzen duen departamentuak ohartarazi du ez dela “erraza” eskularruak kutsatu gabe kentzea, pertsona guztiek egiten ez dakiten teknika berezi bat erabili behar baita.
Hori dela eta, Osasun Ministerioak baieztatu du eskuak “ondo eta sarritan” garbitzea eskularruak erabiltzea baino neurri “eraginkorragoa” dela, nahiz eta, orain arte egin duten bezala, fruta eta barazkiak erosteko orduan erabili eta botatzeko eskularruak erabiltzea gomendatu duen.