Gizartea -
Koronabuloak
Abokatu-langela batek ezeztatu egin du "politikoen aurkako" ekimena abiarazi duela
Birala egin da Madrilgo abokatu-langela batek erakundeak kentzeko eta ordezkariak murrizteko ekimena sortu duela dioen mezua. Bufete horrek ez duela mezuarekin zerikusirik argitu du. Bulo bat da.
EiTB
Asko zabaldu da egun hauetan Madrilgo abokatu-langela batek politikoen aurkako herri ekimena abiarazi duela dioen mezua. WhatsApp bidez zabaldutako mezuak dioenez, abokatu-langela honek "herri ekimen legegilea sortu du", erakundeak kentzeko edo murrizteko, baita ordezkarien ordainsariak eta kotizazioak mugatzeko. Bufete honek mezuak dioenarekin zerikusirik ez duela adierazi eta salaketa jarri duela azaldu du.
Wasapa horrela hasten da:
"Mesedez, irakurri eta honekin aurrera jarraitu behar dugu, benetako gauza da. ORAIN, BERRITASUNA DA ABOKATU TALDE BAT INPLIKATUKO DELA. Mezu hau iristen zaion edozeini eskatzen diot wasap hau gutxienez kontaktu-zerrendako 20 pertsonari pasatzea, eta berdina egin dezatela eskatzea".
Ondoren, Madrilgo bufete baten datuak ematen ditu, eta sinadurak jasotzeko prozesua prestatzeko hamar puntu azaltzen ditu. Azalpen horretan agertzen dira, Senatua eta Diputatuen Kongresua kentzea, erakunde guztietako ordezkariak %30 murriztea, edota ordezkari politikoek jasotzen dituzten ordainsariak eta kotizazioak mugatzea.
Gure erabiltzaileek mezu honen berri eman digute 600 900 454 zenbakian, EiTBk #Koronabuloak gelditzeko duen ekimeneko WhatsAppean. Euskal Irrati Telebista Maldito Bulo webgunearekin eta VOSTEuskadi Boluntario Digitalen Elkartearekin harremanetan dago koronabirusaren inguruan sortutako albiste faltsuak atzemateko. Horrez gain, Eva Caballerok zuzentzen duen Radio Euskadiko La Mecánica del Caracol dibulgazio-programan parte hartu ohi duen komunitate zientifikoaren laguntza ere badu.
Mezu kate honetan Rodriguez y Hermosilla abokatu-langelari egiten diote erreferentzia, esanez sinadurak biltzen ari direla politikoen aurkako herri ekimen legegilea abian jartzeko. Bufete honek hau guztia ezeztatu, eta mezu honetan esaten denarekin zerikusirik ez duela gaineratu du.
Bufeteak salaketa jarri du
Rodriguez eta Hrmosilla abokatu-langelak ohar hau jarri behar izan du bere webgunean: "Ustezko ekimen legegile bat abiarazi dugula esaten duen WhatsApp bidez hedatu den mezua hainbat aldiz jaso dugu, bertan gure bufeteko abokatu baten izena azaltzen delarik. Ondorioz, adierazi nahi dugu ez dugula horrelako ekimenik abiarazi, eta hau gure abokatu-langelarekin edo bertan lan egiten duten abokaturen batekin lotzea faltsukeriazko delitua dela, eta salaketa jarri dugula". Mezu hau gehiago ez zabaltzea, eta bidali dizun pertsonari mezua faltsua dela jakinaraztea eskatzen dizuegu. Eskerrik asko".
Kasu honen ondorioz, erantzungailu automatikoa jarri behar izan dute, mezu honen inguruan hainbat dei jaso ostean. "Herri ekimen legegilearengatik deitzen baduzu, tamalez, esan behar dizugu bulo bat dela. Bidali dizun pertsonari mezu hau faltsua dela jakinaraztea eskatzen dizugu, helegitea jarri baitugu eta gaia epaitegietan baitago", esaten du erantzungailu automatikoko mezuak.
Berragertu den lehenagoko buloa
Mezu kate honen jatorria 2013koa da, eta 'Maldito Bulo' izan zen ezeztatu zuen lehena. Orain, koronabirusaren pandemiakren eraginez, berriro birala bihurtu da. Orduan ere, mezu katean aipatzen den abokatu-langelak dena ezeztatu zuen, eta Polizia jakinaren gainean jarri zuen.