Gizartea -
Indarkeria matxista
Guterresek euren erasotzaileekin "harrapatuta" dauden emakumeak babestea eskatu du
Pandemia hedatu aurretik, NBEren aburuz mundu osoko emakumeen herenek euren bizitzan zehar indarkeria-motaren bat jasaten zutela nabarmendu zuten.
Agentziak | Erredakzioa
Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak indarkeria matxistaren gorakada "ikaragarriaren" aurrean neurriak hartzeko eskatu die herrialdeei, koronabirusaren pandemia geldiarazteko hartutako isolamendu neurriengatik; izan ere, horrelako murrizketek "emakumeak abusuzkoak diren bikoteekin harrapaturik sentitu daitezke".
Guterresek onartu du konfinamenduak eta berrogeialdiak "funtsezkoak" direla Covid-19ak eragindako larrialdi bati aurre egiteko, baina, aldi berean, ohartarazi du emakume askorentzat arrisku nagusia "seguruago egon beharko luketen tokian" dagoela: euren etxeetan.
Pandemiaren aurretik, NBEren arabera mundu osoko emakumeen herenek euren bizitzan zehar indarkeria-motaren bat jasaten zutela nabarmendu zuten. Joan-etorrien murrizketak koronabirusaren ondoriozko presio ekonomikoekin eta sozialekin batera, balantze horiek okertzeko arriskua dago, bai herrialde garatuetan, bai pobreenetan.
Libanon eta Malaysian, berriz, laguntza telefonoetako deiak bikoiztu egin dira pandemia hasi zenetik; Txinan, berriz, hirukoiztu egin dira. Australian, Interneteko bilaketen artean, etxeko indarkeriaren inguruan galdetzen duten erabiltzaileen kopururik altuenak erregistratu dira, azken bost urteetako datuekin alderatuz, Nazio Batuen Erakundearen arabera.
Guterresek ohartarazi du osasun eta polizia langileak "gainezka" daudela eta "genero indarkeriaren biktimentzako zentro batzuk itxita" daudela; "beste batzuk, berriz, beteta". Hori dela eta, indarkeriari aurre egiteko guztion artean lan egin behar dugula adierazi du, "bai gerra zonaldeetan, bai pertsonen etxebizitzetan", koronabirusari aurre egiten diogun bitartean.
NBEk neurri batzuk proposatu ditu
Guterresek urrutiko laguntza-zerbitzuen bidez inbertsioa handitzera deitu du, eta farmazietan zein elikagai-dendetan alerta-sistemak ezartzea proposatu du, isolamendu egoera irauten duen bitartean herrialde gehienetan irekita jarraitzen duten funtsezko bi saltoki direlako. Era honetara, emakumeak erasotzailea ohartu gabe alarma-ahotsa ematea errazten da.
Horrez gain, harrera zentroak funtsezko zerbitzutzat hartzea eta sistema judizialen funtzionamendu egokia bermatzea eskatu du, erasotzaileak auzipetzen jarrai dezaten. Era berean, emakumearen aurkako indarkeriagatik zigortutako presoak ez askatzeko deia egin du.