Gizartea -

KORONABIRUSA

33 hildako EAEn eta bederatzi Nafarroan, azken orduetan

EAEn, 182 kutsatu berri atzeman dituzte, azken hiru asteetan izandako positibo kopuru txikiena.

Laugarren osasun alerta astea. ETBren bideo batetik lortutako argazkia
Mikel Sanchez
Laugarren osasun alerta astea. ETBren bideo batetik lortutako argazkia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren pandemia dela eta, 33 pertsona hil dira azken orduetan, eta hildakoak 548 dira jada. Bestalde, 182 positibo gehiago zenbatu dituzte EAEn azken 24 orduetan, kopuru txikiena martxoaren 17tik, orduan 178 izan baitziren.

Guztira, 8.810 pertsona kutsatu dira EAEn eta horietatik, 1.756 ospitaletan dira. Beste egun batez, errekuperatutako eta alta emandako pertsonen kopuruak gora egin du. Atzo, 124 pertsona jaso zuten ospitaleko alta eta, hortaz, guztira 3.568 dira osatu eta alta emanda daudenak.

Bestalde, 22.637 proba egin dira orain arte. Atzo egindako 738 proben % 71k negatibo eman zuten.

COVID-19ak EAEn duen eraginaren berri emateko gaur eskainitako prentsaurrekoan, Planifikazio, Antolamendu eta Ebaluazio zuzendari Mikel Sanchezek ezagutzera eman duenez, test gehiago egingo dira Lehen Mailako Arretaren eremuan.

Lurraldez lurralde aztertuta, Araban, 2.675 positibo daude, 277 ospitaleratuta. Bizkaian, 4.603 positibo daude, 1.134 ospitalean. Gipuzkoan, 1.532 positibo daude, 345 ospitalean.

Nafarroan, berriz, bederatzi pertsona hil dira azken 24 orduetan, koronabirusa dela eta. Hala, oraingoz 187 dira birus horren ondorioz Foru Erkidegoan hildakoak, Espainiako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.

Guztira, 3.231 pertsonak eman dute positibo, azken 24 orduetan 158 positibo gehiago izan baitira. Sendatu diren gaixoen kopurua 278 izatetik 294 izatera pasatu da Foru Erkidegoan.

Bestalde, 1.432 pertsona daude ospitaleratuta, horietako 124 zainketa intentsiboen unitatean. Sendatutako pertsonen kopurua, berriz, 380 izan da, azken orduetan 46 alta izan baitira.

100.000 biztanleko intzidentzia metatua 358,45ekoa da Nafarroan, Espainiako batez besteko datuaren gainetik (216,78).

Iparraldeko datuak

Gutxienez 14 lagun hil dira Baiona eta Paueko ospitaleetan eta Akitania Berrian gutxienez 120. Osasun Sailak Lapurdi, Behe Nafarroa, Zuberoa eta Bearno lotzen dituen Pirinio Atlantikoetako departamenduko eta Akitania Berriko zenbakiak baizik eskaintzen ez dituenez, aldi honetan ere ezinezkoa da Ipar Euskal Herriko argazki zehatza izatea.

Kutsatzeen jaitsiera, Espainian

Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, koronabirus kasuak eta heriotzak berriro jaitsi dira astelehen honetan Espainian, 637 pertsona hil baitira koronabirusarekin azken 24 orduetan. Guztira, 13.055 pertsona hil dira jada. Bestalde, 135.032 koronabirus kasu zenbatu dituzte, hau da, igandean baino 4.273 gehiago.

Halaber, 6.931 gaixo zainketa intentsiboen unitatean daude, eta 2.357 pertsona sendatu dira; beraz, 40.437 dira jada, Salvador Illak zuzentzen duen departamentuak emandako azken datuen arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa