Gizartea -
KORONABIRUSA
Apirilaren 26ra arte luzatu du konfinamendua Sanchezek
Alarma egoera 15 egunez luzatzeaz gain, apirilaren 26tik aurrera ere luzapen gehiago izango direla aurreratu du, baina orain arteko konfinamendua baino pixka bat "malguagoa" izan daiteke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak alarma egoera apirilaren 26 arte luzatzea eskatuko dio Kongresuari datorren astean (zehazki, 25eko 24:00ak arte).
Sanchezek Espainian koronabirusaren bilakaera aztertzeko sortutako Batzorde Zientifikoarekin eta Batzorde Teknikoarekin bildu ostean hartu du erabakia.
Gainera, apirilaren 26tik aurrera ere luzatuko dela alarma egoera aurreratu du, "zoritxarrez ez delako dena amaituta egongo", baina ez dela orain artekoa bezalakoa izango azaldu du, bizitza pertsonal, ekonomiko eta sozial "pitin" bat errekuperatzea espero duela.
Alarma egoeraren luzapena iragarri duen prentsaurrekoan, Espainiako presidenteak azaldu du zientzialari eta epidemiologo talde bat ari dela jada "deseskalatzea" aplikatu behar den garairako plana prestatzen, kutsatzeen kurba jaisten denerako, alegia.
"Gure bizitzako krisi handienaren aurrean gaude. Bidegurutze historiko batean" ohartarazi du, "birusa garaituko dugu, dudarik gabe. Bakartzeak funtzionatzen du. Konstituzioak Gobernuak 15 eguneroko eskatu behar duela luzapena planteatzen du eta horrela ari gara. Logikoki, alarma egoerak ez du beste 15 egunez bakarrik iraungo, gehiago iraungo du, baina ahal den gutxien izango da, neurrien eraginkortasunaren arabera".
Luzatu dena duela 15 egun onartutako alarma egoera dela ere argitu du, ez ondorengo ezohiko neurria. "Ez dugu alarma egoera bakarra izango, hainbat baizik, egoerak irauten duen bitartean" gehitu du.
Zentzu horretan, oinarrizkoak ez diren jardueren etena dela eta, "datuak ikusi behar ditugu" esan du. "Aurreko igandean neurri bat planteatu genuen, aste barruan ere asteburuko mugikortasun maila behar zela esan zigutelako adituek. Egungo mugikortasun datuek helburuak betetzen uzten dute. Horrek ez du esan nahi epea amaitzen denean, apirilaren 9an, luzatu egingo denik, baizik eta dekretu hori onartu aurretik geneukan egoerara itzuliko garela". Beraz, dena pentsatutako moduan garatzen bada, apirilaren 13an berrekingo zaio jardun ekonomikoari, baina aurrez zeuden mugekin, hori bai.
Sanchezek bere asmoen berri eman die gainontzeko alderdietako liderrei, PPko Pablo Casado barne. Bi politikariek egunak zeramatzaten elkarrekin hitz egin gabe, Casadok azken aldian salatutakoaren arabera.
Alarma egoera martxoaren 14an ezarri zuen Espainiako Gobernuak, eta gero lehen luzapen bat eskatu zuen, apirilaren 11 arte. Bigarren luzapena, berriz, hilaren 26ra arte eskatuko du. Horrela, herritarrek hilabete eta erdi emango dute etxean sartuta COVID-19a kutsatzea ekiditeko.