Gizartea -
Koronabirusa
77 hildako eta 400 kutsatu baino gehiago, Arabako eta Gipuzkako adinekoen egoitzetan
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak ez dute lurralde horietako zahar-etxeetako egoerari buruzko datuak eguneratu.
Agentziak | Erredakzioa
51 pertsona hil dira jada Arabako adinekoen egoitzetan koronabirusaren ondorioz. 37 zentro pribatuetako egoiliarrak ziren; 11, Foru Aldundiaren egoitzetan bizi ziren; eta hiru, udal zahar-etxeetan.
Gehienak (33) ospitaletan hil dira, Arabako Forua Aldundiak ohar batean azaldu duenez.
Guztira, 266 adineko daude COVID-19 gaitzak kutsatuta. Horietako 42 ospitalera eraman behar izan dituzte, larri daudelako. Gainerakoak zahar-etxeetan artatzen dituzte.
Desgaitasuna duten pertsonentzako zentroetan, berriz, 14 kasu positibo eman dira eta sei lagun ospitalean daude.
26 hildako eta 143 positibo Gipuzkoako zahar-etxeetan
Gipuzkoako egoitzetan zortzi adineko hil eta beste 16 kutsatu dira azken orduetan. Beraz, guztira, 26 pertsona zendu dira eta 143 koronabirusak jota daude.
Azken heriotzak Zarautz, Ordizia, Donostia, Hondarribia eta Zumaiako egoitzetan izan dira.
Positibo eman duten pertsonetatik sei ospitalean daude eta beste 29 Gurutze Gorriak Donostian duen zentroan.