Gizartea -
Koronabirusaren krisia
Nafarroako Gobernuak 1.500 informatika-ekipo banatu ditu ikasleen artean
"Ikasle bakar bat ere atzean ez geratzea da erronka nagusietako bat", esan du Carlos Gimeno Hezkuntza sailburuak.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Foru Gobernuak 1.500 informatika-ekipo banatu ditu eta mila inguru SIM txartel banatzeko asmoa du Internetera sarbiderik ez duten ikasleen artean. Helburua, arrakala digitalari aurre egitea eta hezkuntzako baliabideak berdintasunean eskuragarri izatea, koronabirusaren eraginez eskolak etenda daudenean.
Hori da Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak eta Juan Cruz Cigudosa Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak prentsaurrekoan azaldu dutena, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteordearekin batera.
"Ikasle bat bera ere atzean ez geratzea da erronka nagusietako bat", esan du Gimenok. Hezkuntza kontseilariak aditzera eman duenez, 1.500 informatika-ekipo banatu dira dagoeneko: mahai gaineko ordenagailuak, eskuko ordenagailuak eta tabletak.
Halaber, hezkuntza zentroetan erabilgarri dauden ordenagailuak ere ikasleen esku daudela iragarri dute.
Akordioak, telefono-operadoreekin
Internet etxe guztietara helarazteko eta arrakala digitalari aurre egiteko, Gobernua telefono-operadore nagusiekin negoziatzen aritu da eta mila bat SIM txartel banatzeko asmoa dute Internetera konektatzeko arazoak dituztenen ikasleentzat.
Horrekin lotuta, Gimenok esan duenez, orain arte jaso dituzten datuen arabera, sare publikoan 4.000 ikaslek ez dute Internetera sarbiderik, baina egoera horretan daudenak 7.000 inguru (ikasleen % 10) izango direla aurreratu dute.