Gizartea -
Koronabirusa
Ipar Euskal Herrian ez dute baxorik izango, "ebaluazio jarraia" baizik
Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak onartu du ez dela "posible baxoa beste urteetako baldintzetan egitea", eta horregatik hartu dutela bide hori.
agentziak | erredakzioa
Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak iragarri du bertan behera geratzen dela selektibitate proba, Euskal Herrian baxoa deitzen zaiona eta ekainean egiten dena. Horren ordez ikasleen "ebaluazio jarraia"ren batez besteko nota hartuko dute.
"Ez da posible baxoa beste urteetako baldintzetan egitea", aitortu du Blanquerrek, neurriaren nondik norakoak azaltzeko eskaini duen prentsaurrekoan.
Hori horrela, unibertsitatera joateko probako notaren ordez, ikasturtean zehar "ebaluazio jarraian" eskuratutako batez besteko nota hartuko da. Ez da kontuan izango, hala ere, konfinamendu garaia, Le Figaro egunkariak zehaztu duenez.
"Helburua ez da ikasleei kalte egitea", baizik eta "kalitatea eta berdintasuna bermatzea", adierazi du Blanquerrek, ikasturtea amaitu baino lehen eskolak itzultzea espero duela azpimarratu aurretik. Emmanuel Macron presidenteak martxoaren 13an itxi zituen hezkuntza zentroak.