Gizartea -

Koronabirusa

Neurriak arinduz gero kirola egitea eta umeekin irtetea baimentzea aztertzen ari dira

Espainiako Osasun ministroak baieztatu du bi aukerak aztertzen ari direla, baina ez du ezer aurreratu ikerketaren atariko gorabeherei soilik heldu baitiete oraingoz.  

Bi aukerak aztertzen ari direla esan du Espainiako Osasun ministroak. Argazkia: Efe.
Gizon bat, kalean korrika
Bi aukerak aztertzen ari direla esan du Espainiako Osasun ministroak. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Salvado Illa Espainiako Osasun ministroak esan du kalean kirola egiten edo umeekin irteten uztea direla aztergai dituzten neurrietako bi, koronabirusa hedatzea eragozteko Estatu osoan alarma egoera indarrean den bitartean ezarritako murrizketa neurriak lasaituz gero betiere.

Kongresuko Osasun eta Kontsumo Batzordean egindako agerraldian, biktimen omenez minutu bateko isilunea egin eta gero, Illak adierazi du hainbat agertoki posibletan ari direla lanean.

“Egin beharrekoaren aurrekari gutxi daude. Aditu onenak ditugu egiteko modu onena zein den pentsatzen. Agerraldi berririk ez izatea da bermatu behar duguna. Baina ezin dut ezer aurreratu, azterlan horren atariko gorabeherei soilik heldu baitiegu oraingoz”, baieztatu du, baina aitortu du neurriak arinduz gero kontuan hartzen ari diren neurrietako bi kalean kirola egiteko denbora mugatu bat uztea eta umeekin irtetea baimentzea direla.

Nolanahi ere, ministroak aitortu du hilabete batzuk barru birusaren beste agerraldi bat izateko arriskua dagoela. “Ez dakigu beste agerraldirik egon litekeen. Ez dugu baztertu behar, baina terapia eta txertoen arloetan egiten dituzten aurrerapenen araberakoa izango da. Horregatik, oso garrantzitsua da neurriak nola lehengoratuko ditugun pentsatzea. Ez da izango egun bateko kontua, prozesu bat izango da hori”, erantsi du.

Osasun ministroak baieztatu du Espainiak “lehen helburua” lortu duela koronabirusaren aurkako borrokan, kutsatuen kurbako erpinera iritsita, eta orain pandemia “geldotzeko fasea” hasi dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa