Gizartea -

Koronabirusa

Euskadik ez ditu amaitutzat ematen Unibertsitateko aurrez aurreko eskolak

Espainiako Unibertsitate Ministerioak Unibertsitate Politikako Biltzarraren bilera telematikoa egin du; besteak beste, aukera hori aztertu dute.

Ikasle-talde bat, EAEko unibertsitate batean, artxiboko irudian. EiTBren bideo bateko argazkia.
Ikasle-talde bat, EAEko unibertsitate batean, artxiboko irudian
Ikasle-talde bat, EAEko unibertsitate batean, artxiboko irudian. EiTBren bideo bateko argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak "erabateko gaitzespena" agertu du ikasturte honetako Unibertsitateko aurrez aurreko eskolak amaitutzat emateko aukeraren aurrean; halaber, gaitzetsi du unibertsitate-praktiketan % 50eko kitapena egitea, bai eta Estatuko unibertsitate-zentro guztietan ikasturte-amaiera bateratzea ere.

Manuel Castells Espainiako Gobernuko Unibertsitate ministroak eta autonomia-erkidegoek Unibertsitate Politikako Biltzarraren bilera telematikoa egin dute ostegun honetan; topaketan, besteak beste, onlineko azterketak egitea eta unibertsitate-ikasturtea aurrez aurreko eskolarik gabe amaitzea aztertu dute.

Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak proposamen horiek zalantzan jarri ditu; izan ere, haren esanetan, ez dituzte errespetatzen Euskadiren eskumenak, euskal unibertsitateen autonomia, ezta Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren independentzia ere.

Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak Unibasqekin eta Hezkuntza Sailarekin duten "koordinazioa" goraipatu du Moraisek; izan ere, guztien artean ari dira adosten ikasturterako irizpideak, "ikasleak, hezkuntza-sistema eta gizartea orokorrean kontuan izanik".

Aurrez aurreko eskolak amaitutzat emateko aukeraren gainean, Moraisek "lasaitasun-mezua" eman du; esan duenez, EAEko unibertsitateak "prest daude, balizko bi egoerei aurre egitek"” (alegia, aurrez aurreko eskolak berreskuratzeko edo amaitutzat emateko), eta bi egoeretan nola jardun ari dira aztertzen.

Jaurlaritza errektoreekin bilduko da ostiralean

Hain zuzen ere, ostiral honetan, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak bilera egingo du EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko errektoreekin, kontu hauetan sakontzeko; hurrenez hurren, Nekane Balluerkarekin, Jose Maria Guibertekin eta Bixente Atxarekin batzartuko da.

Unibertsitate-praktikei dagokienez, sailburuordeak aldeztu du arau zorrotzak hartzeak ez duela bat egiten COVID-19 gaitzak sortutako pandemiak eragin duen "ezohiko" egoeran egon beharreko "malgutasunarekin".

Argudiatu duenez, "unibertsitate-titulu bakoitzak bere kasuistika du"; kasu batzuetan, baliteke "kitapen" bat egin ahal izatea, eta ikasketa-planak ez pairatzea "eragin larririk", baina, beste batzuetan, aldiz, praktikak beharrezkoak dira, eskatutako gaitasuna erdiesteko.

Horrez gain, gehitu du, praktikei orduak kentzeak ekar lezake ikasle batzuek ezin izatea gainditu; testuinguru horretan, Moraisek nabarmendu du erabakien helburu nagusia izan beharko litzatekeela "pandemiak ikasleei kalte ez egitea".

Jaurlaritzak bateratutako egutegia ere gaitzetsi du; izan ere, unibertsitate bakoitzak garai jakin batean hasi zuen ikasturtea, ez denek aldi berean, Hezkuntza Sailak ohar batean jakinarazi duenez.

Bileran, Moraisek nabarmendu du zertan den berezia euskal unibertsitate-sistema; hain zuzen, prestakuntza-eredu duala du, hainbat unibertsitate-fakultatek eta eskolak erakunde-agiria dute (hortaz, euren prestakuntza-eskaintza diseinatu ahal dute), eta unibertsitate-sistemaren kalitateko agentzia bat du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza EHU Espainiako Gobernua albisteak Deustuko Unibertsitatea bideoak Mondragon Unibertsitatea Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak Osasun albisteak gaur Koronabirusa