Gizartea -
KORONABIRUSA
Beste bost pertsona hil dira Arabako egoitzetan eta hiru Gipuzkoakoetan
Araba da adinekoen egoitzetan heriotza gehien izan dituen lurraldea, orain arte 45.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arabako adinekoen egoitzetako beste bost pertsona hil dira azken orduetan COVID-19aren ondorioz. Osasun krisia hasi zenetik 45 dira hildakoak.
Arabako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, heriotza guztietatik gehienak (31) ospitaleetan gertatu dira, eta gainerakoak (14) egoitzetan bertan. Arabako ehun egoitzetatik, batek 18 heriotza izan ditu erabiltzaileen artean, beste batek 4, beste zazpik 2 eta beste bederatzik heriotza bakarra izan dute.
Gainera, gaur egun 228 egoiliar daude koronabirusarekin kutsatuta. Aldundiaren arabera, igoera hori "bat dator" azken egunetan medikuek testak egiteko egindako eskaeren gorakadarekin.
Egoitzek ospitaleetara bideratu dituzte pertsona horietako 30, osasun egoera larriena dutenak, eta kasu positiboak dituzten pertsona gehienak artatzeaz arduratzen dira (198). Horietatik 142 zentro pribatuen erabiltzaileak dira; 80, berriz, foru egoitzetan bizi dira, eta gainerako seiak lurraldeko udal ekipamenduetan.
Desgaitasuna duten pertsonen egoitzen eremuan, 14 kasu positibo erregistratu dira zentroetan, eta 4 pertsona ospitaleratu dira koronabirusarekin.
Gipuzkoari dagokionez, hiru heriotza berri izan dira Tolosako Iurreamendi, Zumaiako Otezuri eta Eibarko San Andres zentroetan, eta hamalau dira COVID-19aren ondorioz adinekoen egoitzetan hildakoak.
Aldundiak jakitera eman duenez, 17 positibo berri erregistratu dira lurraldeko 65 zentroetatik hamabitan, aurreko egunean baino bat gehiago, Zumarragako Argixao egoitzan bi positibo eman ondoren. Horrela, ekipamendu horietan kutsatutakoen kopurua 121era igo da.
Horietatik bost ospitalean daude eta 27 Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora eraman dituzte.