Gizartea -
Koronabirusa
EHU doktoretza tesien defentsa telematikoki egiteko aukera eskaintzen ari da
Hala, martxoaren 13tik, guztira hamar doktorego tesi defendatu dira EHUn prozedura horri jarraikiz.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ebazpen bat onartu du, Graduko eta Graduondoko Ikasketen Errektoreordetzaren bitartez, salbuespenez eta, COVID-19 gaitzaren epidemiari loturiko neurriak indarrean dauden bitartean, doktoretza tesien defentsa bideokonferentziaz edo sareko bestelako bitartekoez egin ahal izateko, doktoregaiaren eta tesien epaimahaikideen arteko elkarrekintza ahalbidetuta.
EHUk jakinarazi duenez, doktoretza ikasketak kudeatzeko araudian jada aurreikusita dago tesiak bideokonferentziaz defendatu ahal izatea kasu jakin batzuetan, eta egungo egoerarekin eta epidemia ekiditeko hartu diren neurriekin, beharrezko ikusi du premiazko konponbideren bat eskaintzea prozedura egokitu eta jarduera akademiko horrekin jarraitzeko. Hala, martxoaren 13tik, guztira hamar doktorego tesi defendatu dira EHUn prozedura horri jarraikiz.
EHUren arabera, baldintza arruntetan zaila da epaimahaikide eta zuzendari guztiak bat etorriko diren datak topatzea, doktoretza tesiaren defentsa ekitaldia antolatzeko, eta egungo baldintzetan are zailagoa. Horretarako, unibertsitateak modu telematikoan egiteko aukera eskaintzen du, isolamenduak ekarri dituen mugikortasun zailtasunak gainditzeko.