Gizartea -
Koronabirusa
Galdakaoko Udalaren hautetsontziak ez dira Ospitalean erabiltzen ari, dio Osakidetzak
Udalak metakrilatozko hautetsontziak eman dizkio Galdakao-Usansoloko Ospitaleari, baina, Osakidetzaren iritziz, ez dira egokiak koronabirusak kutsatutako gaixoak bakartzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuak esan duenez, Galdakaoko Udalak emandako metakrilatozko hautetsontziak ez dira Galdakao-Usansoloko Ospitalean erabiltzen ari; izan ere, hautetsontziak ez dira "egokiak", Osakidetzaren iritziz, koronabirusak kutsatutako gaixoak bakartzeko.
Osakidetzak esan du Galdakaoko Ospitaleak "eskertzen" dituela "gure inguruko hainbat enpresak eta erakundek osasun-langileei laguntzeko emandako elkartasun-erakusgarriak eta egindako dohaintzak". Galdakaoko Udalak emandako hautetsontzien gainean, Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuak zehaztu du "profesionalen batek jaso dituela, bere izenean, erakundeak horren berri izan gabe, eta baimendu gabe". Ziurtatu dutenez, ez dira erabiltzen ari, "ez baitira egokitzat jotzen".
Galdakaoko Udalak, goizean, esan du Galdakao-Usansolo Ospitalea metakrilatozko hautetsontzi horiek erabiltzen ari zela, intubatutako gaixoen burua isolatzeko; larrien dauden COVID-19 gaitzak kutsatutako pazienteak zaintzeak kutsadura-arrisku handia du, eta arrisku hori minimizatzea omen zen hautetsontziak erabiltzeko helburua.