Gizartea -

Koronabirusa

Renfek garraio zerbitzua egokituko du Gipuzkoan eta Bizkaian

Bidaiarien arteko distantziari buruzko osasun gomendioak bete eta ez bidaiatzea aholkatu du Renfek, ezinbesteko beharrizan edo arrazoi geroraezinak salbu.

Renfek trenak, geltokiak eta trenbideetako instalazioak garbitzen eta desinfektatzen ari da. EiTB.
Renfe trenak, geltokiak eta trenbideetako instalazioak garbitzen eta desinfektatzen ari da.
Renfek trenak, geltokiak eta trenbideetako instalazioak garbitzen eta desinfektatzen ari da. EiTB.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Renfek bidaiarien mugikortasuna bermatzen duen zerbitzua jarri du martxan Gipuzkoan eta Bizkaian, eta zerbitzu horren eskari errealera egokitu du -gaurtik aurrera-. Eredu berriarekin ohiko zerbitzua murrizten ari da, egokitzapen honen arrazoia azken asteetan Donostiako eta Bilboko erdigunean emandako bidaiarien beherakadari dagokio, baita alarma egoerak eragindako mugikortasun murrizketei ere.

Gipuzkoan, zerbitzuak ordutegi bera du asteko egun guztietan, 06:00etatik 22:48ra. Irun–Brinkola linean, eguneroko zerbitzuetan ibiliko liratekeen trenen % 50 eskaintzen ari dira.

Bizkaian ere ordutegi bera da egunero, kasu honetan 05:00etatik 22:30era arte. C1, Bilbo-Santurtzi, eta C2, Bilbo-Muskiz, lineetan, alarma-egoerarik gabeko astegun batean ibiliko lirateeken trenen % 50 ibiltzen ari dira; C3 linean (Bilbo-Urduña), trenen % 40 ibiltzen ari dira; eta C4f linean (Bilbo-Balmaseda), % 30.

Trenak eta trenbideetako instalazioak desinfektatzea

Koronabirusaren ondorioz hartutako neurri bereziak eta jarduteko prozedura zehatzak aplikatzen jarraitzen du Renfek, trenak, geltokiak eta trenbideetako instalazioak garbitzen eta desinfektatzen ari dira; langileen desinfekzio produktuen hornidurarekin osatzen ari dira (zipriztingailuak, zapi bustiak, desinfektatzeko likidoa, gel banagailuak, etab.).

Garbiketa lanak desinfekzio produktuekin erabilera publiko eta orokorreko unitate guztietan egiten ari dira (eskubandak, gidarien kabinak, barandak, trenetako botoiak, leihoen markoak, eskulekuak, heldulekuak edota jesarlekuak garbitzen ari dira, besteak beste). Buruko kabinak bereziki desinfektatzen ari dira, eta behin tailerretara iristen direnean lan guztia berriro errepikatzen dute.

Garbiketa eta desinfekzio lanak geltokietan, tornikete eremuetan, autosalmentako makinetan eta erabiltzaileei arreta eskaintzeko leihatiletan ere gauzatzen ari dira.

Horrez gain, geltokietan, salmenta eta informazio puntuetako leihatilak metakrilatozko manparekin babestu dituzte, bidaiarien eta langileen artean babesa eta distantzia zaintzeko. Bidenabar, Renfeko langileen lan instalazioetan ere esku hartu da, txanda aldaketak egiten diren zona komunak desinfektatu baitira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Renfe Koronabirusa