Gizartea -
EiTB Focus
Konfinamendua tirabirak sortzen ari da EAEko herritarren % 17,7ren etxeetan
Euskadiko herritarren iritziz, koronabirusaren krisia egiten ari da gizartea solidarioagoa izatea (% 80k esaten du hori), eta arduratsuagoa (% 82ren esanetan).
EiTB
Koronabirusaren krisiagatik agindutako alarma-egoeraren testuinguruan Espainiako Gobernuak ezarri duen konfinamendua familia-tirabirak sortzen ari da EAEko herritarren % 17,7ren etxeetan, hemeretzigarren EiTB Focusen hirugarren zatiaren arabera. Asteazken honetan argitaratutako emaitzek ondorioztatzen dutenez, halaber, krisi-egoera hau egiten ari da gizartea solidarioagoa izatea (inkestatuen % 80k hala uste dute), eta arduratsuagoa (% 82ren esanetan). norbait.Hemeretzigarren EiTB Focusek koronabirusaren krisia izan du hizpide, eta emaitzak aste honetan eman dituzte jakitera.
Astelehenean, lehen zatian, EiTB Taldearen makroinkestak argi utzi zuen herritarrek uste dutela COVID-19 gaitzaren eragin ekonomikoa gogorra izango dela; asteartean, bigarren zatiak ondorioztatu zuen EAEko herritarren % 28k ezagutzen dutela koronabirusak kutsatutako norbait.
Hirugarren zatian, hemeretzigarren EiTB Focusek adierazten du konfinamendua Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren % 17,7ren etxeetan sortzen ari dela tirabirak. Nabarmentzekoa da 18 eta 35 urte bitarteko gazteek bereziki nabaritu dituztela tirabira horiek, gainerako herritarrek baino gehiago; izan ere, horietako % 35,6k esan dute bizi izan dituztela, azken egunetan.
Inkestatuen % 36,7ren esanetan, familia-harremana indartuta irtengo da konfinamendua amaitzen denean; % 57,4ren iritziz, aldiz, krisia hasi aurretik zegoen bezala jarraituko du harreman horrek. Herritarren % 1,4k soilik uste dute okerrera egingo duela.
EAEko herritarrek 7,01eko nota jarri diote egungo euren gogo-aldarteari. Aro honetan, 0tik 10era, inkestatuek gehien aukeratu duten nota 7 da (% 31,3); % 24,4k 8 hautatu dute gogo-aldarteari dagokionez nola dauden adierazteko.
Gizarte solidarioagoa eta arduratsuagoa
Koronabirusaren krisiaren ondorioz, solidarioagoak eta arduratsuagoak ari gara izaten; hala diote, hurrenez hurren, inkestan parte hartu duten herritarren % 80k eta % 82k.
Herritarren % 60 telebista ari dira erabiltzen krisi honetan azken orduko albisteen berri jasotzeko. Irratia eta Internet, web orrien bidez, zerrenda horretako bigarren eta hirugarren tokietan daude; herritarren % 11k baliatzen dituzte, bi kasuetan.
% 85en iritziz, koronabirusarekin lotutako albiste faltsuak ('fake news') bultzatzen dituzten herritarrek zigorra jaso beharko lukete.
Fitxa teknikoa
Gizakerrek EiTBren informazio-zerbitzuetarako egindako inkesta EAEn bizi diren 600 pertsona elkarrizketatuta egin da (Arabako 200, Bizkaiko 200 eta Gipuzkoako 200)
La= ±% 2,83, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, EAEko datuetarako.
Inkesten % 24,5 euskaraz egin dira, eta gainerako % 75,5a, gaztelaniaz. Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.
Landa-lana 2020ko martxoaren 24an eta 25ean egin zuten, elkarrizketak telefonoz eginez. Galdeketen batez besteko iraupena 6,66 minutukoa izan zen: motzenak 4 minutu iraun zuen, eta luzeenak, 13 minutu.