Gizartea -
Koronabirusa
Hiru pertsona gehiago hil dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetan
Gainera, hamabi positibo gehiago zenbatu dituzte. Aldundiak bilera egingo du asteazkenean zentro horietako arduradunekin, beraien beharrizan eta eskakizunak entzuteko.
Agentziak | Erredakzioa
Hiru pertsona hil dira azken orduetan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, eta covid-19aren 12 positibo gehiago atzeman dituzte zentro horietan. Aldundiak bilera egingo du gaur, asteazkenarekin, lurraldeko adinekoen egoitzen arduradunekin, zer beharrizan eta eskakizun dituzten jakiteko.
Ohar batean Eider Mendoza foru erakundearen bozeramaileak zehaztu duenez, hildako pertsona horiek Iurreamendi (Tolosa), Santa Ana (Zarautz) eta Iturbide (Arrasate) egoitzetan zeuden.
Bestalde, Mendozak esan du 12 pertsona gehiagok positiboa eman dutela covid-19arekin Gipuzkoako egoitzetan, eta, lehenengoz, positibo bat egon da Aita Etxe Donostiako egoitzan. Horrela, Gipuzkoako 65 zentroetako hamaikatan jaso dituzte positiboak orotara.
Guztira hamaika pertsona hil dira, 107k positibo eman dute, 20 Gurutze Gorriaren Donostiako zentora eraman dituzte eta zazpi ospitaleratuta daude.
Mendozak eskerrak eman ditu “egoitzetan egiten ari diren lan handiagatik”. “Senideei ere gure babesa eta elkartasuna helarazi nahi dizkiegu, une gogor hauetan izaten ari diren lankidetza eta ulermenagatik”, erantsi du.