Gizartea -
Koronabirusa
Sendatuen kopurua eta positiboen beherakada, kurbari behera bultzaka
EAEko eta Nafarroako osasun agintariek emandako datuen arabera, heriotzen eta ospitaleratze kopuruaren igoeraren aurrean, azken egunotan kutsatzeen igoera mantsotu da eta sendatuen kopurua handitu.
eitb.eus
Egunak aurrera joan ahala koronabirusarekin kutsatuen kopurua erakusten duten grafikoetako goranzko lerro zorabiagarria apaltzea: hori izan da, birusa agertu zenetik, covid-19aren hedapenak jo duen erronka kudeatzeko ardura duten osasun agintarien helburua.
Oraingoz, kutsatuen kopuruak ezinbestean gora egingo duen jakitun, adituek gorakada hori denboran zehar ahalik eta gehien banatzea dute eginkizun, ospitaleek ez dezaten gainez egin eta, batik bat Zainketa Intentsiboetako Unitateetan, artatu beharreko gaixoen kopurua eskuragarria izan dadin.
Bide horretan, heriotzen eta kutsatuen zenbateko tamalgarrien ifrentzuan, sendatuta ospitaletik irten direnen gorakada eta SARS-CoV-2 birusa atzemateko proba eginda positiboa eman dutenen beherakada dira itxaropen apur bat pitz dezaketen datuak.
Hain zuzen ere, datu horiexek azpimarratu dituzte beren azken agerraldietan nola Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak hala Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak.
Euskal Autonomia Erkidegoan, 263 kutsatze berri zenbatu dituzte gaur, martxoak 31, eta 317 izan ziren egun astelehenean, aurreko lau egunetan jasotakoen batez bestekoaren erdiak. EAEn, ostegunean, martxoak 26, zenbatu ziren infekzio berri gehien, 675, eta harrezkero jaitsi egin dira egunez egun (655 ostiralean, 535 larunbatean, 324 igandean, 317 astelehenean eta 263 asteartean), martxoaren 28an (604) izan ezik.
Murga sailburuak astearte honetan adierazi duenez, “egoerak hobera egin duela esan dezakegu eta badirudi kurban ordoki batera iristen ari garela”. Astelehenean, krisia hasi zenetik lehenengoz, alta gehiago izan ziren Txagorritxu ospitalean, Gasteizen, ospitaleratzeak baino.
Nafarroako egoerari dagokionez, martxoaren 24an hasi zen jaisten positiboen kopurua (25ean, 244; 26an, 200; 27an, 188; 28an, 182; eta 29an, 135), eta Santos Indurain kontseilariak astelehenean esan zuen “beheranzko joeran iraunez gero” “moteltze” batez hitz egin ahalko dugula. Martxoaren 30ean, baina, 159 pertsona kutsatu gehiago zenbatu dituzte.
Sendatuen kopuruak ere goraka jarraitzen du egunez egun, eta, astearteko datuen arabera, 1.796 pertsona sendatu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan (1.646 ziren astelehenean, 1.503 igandean, 1.023 larunbatean eta 814 ostiralean) eta 192 Nafarroan (161 ziren astelehenean, 125 igandean, 98 larunbatean eta 70 ostiralean).
Espainiako Estatuan, antzeko egoeran daude, eta, Salvador Illa Espainiako Osasun sailburuak gaur, asteartearekin, esan duenez, “grafikoaren erpinean ez bagaude, hori lortzetik oso gertu gaude”. Astelehenetik asteartera 9.222 kasutan hazi da kutsatuen kopurua Espainiako Estatu osoan, Illaren ustez asteburuan pilatutako eri guztien ondorioz, baina igandetik astelehenera 6.398tan hazi zen, larunbatetik igandera (6.549) eta ostiraletik larunbatera (8.189) baino gutxiago.