Gizartea -
Bilbo
Ertzaintza gizon bat eta haren ama jo zituzten agenteak ikertzen ari da
Ertzainek gizon bat eta haren ama jo zituzten Bilboko San Frantzisko kalean. Irudiak sare sozialetan zabaldu dira eta polemika piztu da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzaren Barne Arazoetarako Unitateak ertzain batzuek asteburuan Bilbon egindako esku-hartze baten gaineko ikerketa abiatu du; izan ere, sare sozialetan ibili den bideo batean ikusten denez, ertzainek gizon gazte bat eta haren ama jo zituzten San Frantzisko kalean, koronabirusak eragindako konfinamenduaren neurrien kontrolen barnean.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak, bideokonferentziaz egindako prentsaurreko baten bidez, egiaztatu du ikerketa abiatu dela, bideoak piztutako polemikaren ostean.
Irudietan, ikusgai dago nola patruila batek azalpenak eskatu zizkion herritar bati, jakiteko ea zergatik zegoen kalean, San Frantzisko auzoan; gerora, ertzainetako batek bultzatu eta jo zuen gaztea, azken hori gerturatzen ari zitzaiola, eta azkenean eskuburdinak jarri zizkion, beste ertzain batek lagunduta. Handik gutxira, gaztearen ama agertzen da irudietan; emakumeak eta gazteak berak bideoan diotenez, gizonak buruko gaitzen bat du.
Grabazioan, halaber, ikusten da ertzainek eta amak eztabaidatu zutela, eta ertzain batek ama kolpatu zuela, borra erabiliz. Azkenean, hiru ertzainek geldiarazi zuten emakumea.
Beltran de Herediak zehaztu duenez, “jarrera edo praxi desegokia egon litekeela atzematen den guztietan egiten denez, Ertzaintzaren Barne Arazoetarako Unitateari helarazi zaio gertaera hau, eta ikerketa ari dira egiten.
BIDEOA | Lapiko-protesta, Ertzaintzak Bilbo Zaharrean erabilitako indarkeria salatzeko
ErNE: "Nagusiak traizio egin die ertzainei"
Testuinguru horretan, ErNE sindikatuak Josu Bujanda Ertzaintzako nagusia gaitzetsi du, ertzainei “traizio egiteagatik”, eta “iritzi publikoaren aurrean exekutatu dituelako”; horrez gain, salatu du Ertzaintzako nagusiek ez dutela eman “agindu argirik” koronabirusaren krisian, eta, hortaz, “ertzain-etxeak autosufiziente bilakatu dira, denak helburu baten aurka batuta”.
Ohar batean, ErNEk ziurtatu du ertzainak profesionaltasun handia ari direla erakusten osasun-krisian, “baina Ertzaintzako nagusi Josu Bujandak, tamalez, erakutsi du nolakoak diren kolektibo hau zuzentzen dutenak: Ertzaintzak, alarma-egoeran, materialik eza handia du, ez du esku-hartzeko protokolorik, eta egunero ari zaio kaleko errealitate gogorrari aurre egiten; hori berria da polizia-lanean, ez da ohikoa”. Agenteak, baina, “nota oso ona ari dira lortzen”.
Sindikatuaren ustez, Bujanda eta Hiritar Babeseko Dibisioko nagusi Alfonso Garaikoetxea “urrun izan dira, beste alde batera begiratu dute, arazoaren tamaina ikusi bezain laster”. “Inolako babesik ez, agindu espezifikorik ez. Ezer ez”, deitoratu du. Salatu duenez, Bujanda telebistan agertu da, adierazteko San Frantziskon ertzainek egindakoaren aurka dagoela.
ErNEren iritzian, Ertzaintzako buruzagiak “beste behin agerian utzi du poliziaren lanaz ezer ez dakiela”. “Agenteei kasurik ez egitea atxilotzeko arrazoia izan daiteke eta poliziak batek bere burua defendatu behar du eraso baten aurrean. Bestela, autoritatearen printzipioa ezerezean geratuko litzateke”, erantsi dute.
“Ez dago traizio handiagoa egiterik. Ez zaizkio agenteak axola. Irain egiten die bere ezjakintasunarekin. 40 ertzain koarentenan daude bere lana egiteagatik. Ez du denborarik hartu haiengatik kezkatzeko ere”, kritikatu dute.
Kriminalizazio sozialaren kontrako plataformaren salaketa
Bestalde, kriminalizazio sozialaren aurkako plataformak azpimarratu du alarma egoera ezin daitekeela aitzakia izan segurtasun indarrek oinarrizko eskubideak ez betetzeko. Ildo horretan, mozal legea baliogabetzeko eskatu dute beste behin ere.
Plataforma hori ondoko elkarteek osatzen dute: Etxeko Langileek Elkartea, Berri-Otxoak, Bizkaiko SOS Arrazakeria, Ernai, Bakea eta Elkartasuna Fundazioa, Greenpeace Euskadi, Kaleratzerik ez!, Komite Internazionalistak, M15, Mugitu!, Babel Munduko Emakumeak, Paperik gabeko plataforma, Sagarrak, SalHaketa, Sare Antifaxista eta Tosu Betirako.
Mozal legeak bost urte bete dituela gogoratuta, arau hori “protesta baketsuak kriminalizatzeko eta herritarrak beldurraren eta errepresioaren bidez kaletik kentzeko asmoz” egin zutela salatu dute.
Koronabirusa dela eta, Espainiako Gobernuak ezarri duen salbuespen egoeran honetan askatasun eta eskubide urraketak okerrera egin duela ohartarazi dute. “Martxoaren 14tik 25era bitartean, Estatuko gorputz polizial ezberdinak 144.555 isun jarri dituzte guztira, konfinamenduan urratzeagatik mozal legea aplikatuta”, azaldu dute.
“Italian hilabetean jarritako isunak hirukoiztu dituzte hemen hamar egunetan”, azpimarratu dute.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Ertzaintzak 3.204 isun jarri ditu hamar egunetan, hau da,” 2019n udaltzaingoarekin batera jarritakoen erdia baino gehiago”, erantsi dute.