Gizartea -
Koronabirusa
EAEko hainbat ospitaletan probak hasi dituzte urpekaritza maskarekin
Maskara horiek lagungarri izan litezke "arnasa hartzeko zailtasunak dituzten pazienteentzat", COVID-19a dutenentzat, esaterako.
agentziak | erredakzioa
EAEko zenbait ospitaletan probak hasi dituzte laborategietan, bi enpresaren (Decathlon eta Cressi) urpekaritzarako maskara batzuen balizko erabilera aztertzeko, COVID-19 gaitza eragiten duen koronabirusaren ondorioz "arnasa hartzeko zailtasunak dituzten pazienteei laguntzeko".
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azaldutakoaren arabera, maskara horiek erabilera horretarako "balio duten edo ez aztertzea" da proben helburua, eta, horregatik, "gaur-gaurkoz, ez dira pazienteekin erabiltzen".
Aurpegi osoa estaltzen duen urpekaritza maskarak dira, eta gainazalean snorkel egiten denean arnasa hartzeko aukera ematen dute.
Italiako mediku batzuei otu zitzaien koronabirusarekin kutsatuta dauden gaixo arinentzako aldi baterako arnasgailu bihurtzeko erabil daitezkeela maskara horiek.
"Une honetan, konexio-balbula bat baloratzen eta lantzen ari gara", esan dute. Hala ere, "badira kutsatzeko arrisku handieneko eremuetan maskara eta betaurrekoak ordezkatzeko erabiltzen dituzten profesionalak".
"Maskara horiek pazienteentzat edo profesionalentzat baliagarritzat jotzen badira, donazioak jasotzeko gune jakin batzuk antolatuko ditugu", iragarri du Osakidetzak, eta, oraingoz, material hori ez dela gaixoak "tratatzeko" erabiltzen ari gaineratu du.
Decathlonek dohaintzan eman ditu urpekaritza maskara horiek Espainiako leku batzuetan.