Gizartea -
Koronabirusa
Sintomak dituztenek ohiko osasun zentrora deitu beharko dute EAE osoan
Aurrerantzean, norbaitek eztula, sukarra, eztarriko mina edo arnasteko arazorik izanez gero, bere osasun zentrora deitu beharko du, eta handik bideratuko dute.
agentziak | erredakzioa
Gaurtik aurrera, arnasteko arazoak, eztula, sukarra edo eztarriko mina duten EAEko herritarrek ohiko osasun zentrora deitu beharko dute, eta handik bideratuko dituzte kasuak.
Eusko Jaurlaritzak Gasteizen eta Bizkaiko eremu batzuetan hasitako zonakatzea burura eraman du horrela, COVID-19aren aurrean gaixoen eta profesionalen segurtasuna eta arreta hobetzeko.
Horixe iragarri du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, koronabirusak EAEn izan duen bilakaeraren berri emateko egin duen agerraldian.
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, gaurtik aurrera EAE osoan asistentzia berrantolatuta, "COVID-19aren sintomak izan daitezkeen arnas patologiak dituzten pazienteen arreta gainerako osasun-eskaeretatik bereizi da".
"Horrela, hauxe lortu da: alde batetik, paziente mota horiei arreta emateko berariaz prestatutako zentro zehatzetan zentralizatzea arnasketa-sintomekin zerikusia duen guztia; eta, bestetik, herritarrei segurtasun handiagoa ematea, zentro horietan zirkuitu definituak baitituzte, arnas sintomak dituzten pertsonek gainerakoak kutsa ez ditzaten", Jaurlaritzaren arabera.
Asistentziaren berrantolaketa horrek dakar kontsultategi periferiko gehienak aldi baterako itxi behar izatea, bertako profesionalek eremu bakoitzeko zentroetan laguntza eman dezaten. Asteburuetan, etengabeko arretako guneen (EAG) ohiko zerbitzuak indartuko dira, aurrez aurre, etxean eta telefonoz artatzeko, gehienbat bere burua eskaini duten profesionalei esker.
Beraz, Osakidetzaren zentro bakoitzak erreferentziazko zentroa du dagoeneko, eta horien zerrenda eskuragarri dago Osasun Sailaren webgunean.