Gizartea -
Osasungintza pribatua
Larrialdietakoa ez den osasun arreta pribatua etetea erabaki du Jaurlaritzak
Ondorioz, Osakidetzan indarrean dagoen neurria osasun arreta pribatura zabaldu dute, kutsatzeko arriskua murrizteko eta baliabide guztiak pandemiaren aurkako borrokan erabili ahal izateko.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak osasun pribatura zabaldu du Osakidetzan aurretik indarrean zegoen agindua, hau da, "kasu larriak" eta "atzeratu ezin direnak" bakarrik artatzea, koronabirusarekin kutsatzeko arriskua murriztu eta baliabide guztiak pandemiaren aurkako borrokan erabili ahal izateko.
Agindua ostiral honetan bertan publikatu dute, Miguel Sanchez Fernandez Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak aditzera emandakoaren arabera. Fernandezek azaldu duenez, murrizketak ez die gaixoei kalterik egingo, berehala artatzea behar duen kasurik ez delako artatu barik geratuko.
Bideokonferentzia bidez emandako prentsaurrekoan, COVID-19ak Euskadin eragindako krisi egoeraren errepasoa egin du, eta Osasun Sailak osasun pribatuan jarduera ahalik eta gehien murrizteko erabakia hartu duela adierazi du, Osakidetzan aurretik egin bezala.
Atzeratu daitekeena atzeratzea
Aginduaren ondorioz, "atzeratzeko moduan" dauden kasuak atzeratu egingo dira; horrela, zentro pribatuek "kasu larriak" eta "atzeratu ezin direnak" artatuko dituzte, eta bestelakoak atzeratu.
Neurri horren bitartez, osasun langileen eta pazienteen artean koronabirusa kutsatzeko arriskua murriztu nahi dute, eta dauden baliabide guztiak COVID-19aren kontrako borrokan erabiltzeko prest egotea ziurtatu.