Gizartea -
KORONABIRUSA
Bilbok bertan behera utziko du TAO zerbitzua bihartik aurrera
TAOko langileek kalean jarraituko dute zamak eta deskargak zaintzen, kopuruz handitu egin direnak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Udalak TAO aparkalekua antolatzeko zerbitzua bertan behera utziko du bihartik aurrera, Udalak jakitera eman duenez.
Bilbo zen zerbitzu hori mantentzen zuen Espainiako hiri handienetako bakarra. Hala ere, TAOko langileek kalean jarraituko dute zamak eta deskargak zaintzen, kopuruz handitu egin direnak.
TAO zerbitzua kentzeko erabakia orain hartu da, joan-etorrietan eta aparkalekuetan izandako jaitsiera % 85 inguruan finkatu ondoren. Beraz, Udalaren arabera, hiriko mugikortasuna bermatuta dago.
Gainera, oinarrizko zerbitzuek, osasun-zerbitzuek eta hornidura-zerbitzuek errazago aparkatzeko, zamalanetarako plazen edukiera eta kopurua handitu egin dute egun dauden eremuetan. Gune horien erreserba berriak ere egin dira eskaria zegoen beste puntu batzuetan.
Zamalanetarako erreserbatutako eremuak, ordutegi-mugarik izango ez dutenak eta seinaleztatuta eta mugatuta egongo direnak, handituz joan ahal izango dira, jasotako beharren eta eskaeren arabera.
TAOko zaintzaileak arduratuko dira orain gune horien erabilera egokia kontrolatzeaz eta ezarritako arauak betetzen ez dituzten ibilgailuak salatzeaz.
Gainera, elikadura-saltokien eta funtsezko produktuen zamalanak hobetzeko, Udala baimen bereziak ematen ari da, ordutegiak, maiztasuna eta luzera-tona gehiagoko ibilgailuen erabilera zabalduz.
Azkenik, azken astean, Udalak araututako eremu guztietan doan aparkatzeko aukera eman die Bilbon lan egiten duten osasun-profesionalei, matrikulak identifikatzeko prozedura erraz baten bidez.