Gizartea -
Koronabirusa
Munilla gotzainari isuna jarri diote, kopilotuarekin gidatzeagatik
Alarma egoera honetan galarazita dago kopilotuarekin zirkulatzea; aurrealdean gidaria soilik joan daiteke. Donostiako gotzainak 600 euroko isuna ordaindu beharko du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainari 600 euroko isuna jarri diote ostegun honetan kopilotuaren eserlekuan beste lagun bat zeramala gidatzen zihoala harrapatu eta gero.
Europa Press agentziak zabaldu duenez, Udaltzaingoak Donostian ezarritako kontrol-gune batean gelditu dute Munillaren ibilgailua, aurrealdean bi lagun zihoazela ikusi dutenean.
Alarma egoera honetan galarazita dago kopilotuarekin zirkulatzea; aurrealdean gidaria soilik joan daiteke eta beste lagunak atzean joan behar du. Hala dio Espainiako Gobernuak ezarritako dekretuak.
"Gure artean harrapatuta dagoen emakume etorkin bat" zeraman
Gerora, Jose Ignacio Munillak barkamena eskatu du, isuna ekarri dion "eserlekuaren akatsagatik". Adierazi duenez, bere aldamenean zihoan pertsona "gure artean harrapatuta dagoen emakume etorkin bat" zen; dentistara ari zen eramaten, ahoan infekzioa zuelako.
Testuinguru horretan, zehaztu du ezaguna den dentista batera ari zela eramaten; izan ere, "doan" artatuko zuen emakumea: "Eskerrak eman nahi dizkiot dentistari, barkamena eskatzen dut nire akatsagatik, eta albistea zabaldu duena barkatzen dut", adierazi du gotzainak.