Gizartea -
Koronabirusa
447.280 maskara eta eskularru banatu dituzte etxez etxeko laguntza zerbitzuetan
Udalei eman die material hori Osasun Sailak, eta etxez etxeko laguntza zerbitzuan diharduten langileen artean banatuko dute.
Agentziak | Erredakzioa
Osasun Sailak 223.640 maskara eta beste horrenbeste eskularru eman dizkie udalei zein mankomunitateei, etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen ari diren langileen artean banatzeko, Nekane Murga Osasun sailburuak jakitera eman duenez.
Osasun sailburuaren arabera, material hori euren buruaz arduratzeko laguntza behar duten pertsonak zaintzen dituzten profesionalei emango dizkiete.
Horrez gain, Euskadiko egoitzei 3.190 txabusina, 17.545 maskara eta 300 betaurreko baino gehiago eman dizkietela ziurtatu du. Murgak azaldu duenez, hornidura hori "handituz doan heinean banatu egingo da; gaur bertan, esaterako, 4.514 txabusina, 4.410 eskularru, 2.481 maskara, amantal, estalki eta gelak eskatu dira".