Gizartea -
Koronabirusa
Espainiak 550 milioi maskara eta 5,5 milioi test azkar erosi dizkio Txinari
Espainiako Gobernuak 432 milioi euro ordaindu ditu. 950 arnasgailu eta 11 milioi eskularru ere erosi ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak iragarri duenez, espainiar Gobernuak eta Txinak 432 milioi euroko akordioa itxi dute, Espainiak erosteko 550 maskara baino gehiago eta 5,5 milioi test azkar. Baliabide horiek koronabirusaren aurkako borrokan lagunduko dute.
Prentsaurrekoan, Illak zehaztu du Espainiako Gobernuak, gainera, 950 arnasgailuren erosketa adostu duela Txinako bi hornitzailerekin (apiriletik ekainera arteko epean banatuko dituzte), eta, halaber, 11 milioi eskularru erosi dizkiela Txinako beste bi hornitzaileri; azken horiek lau asteetan banatuko dituzte.
Maskarak hiru hornitzailerenak dira, zortzi asteko horniketa bermatuta. Kirurgikoak eta arnasketa-babesekoak izango dira, eta gaixoei eta osasun-langileei zuzenduko dizkiete. Test azkarrak martxoan eta apirilean emango dituzte, bi hornitzailerekin negoziatu ostean.
"Horniketa mailaka egingo da, astetik astera. Aste honetako amaieran, lehen emanaldi nagusia egingo da", nabarmendu du Illak. Espainiako Osasun ministroak azaldu duenez, aurreko astean hitz egin zuten Pedro Sanchezek eta Xi Jinpingek, alegia, Espainiako eta Txinako presidenteek, eta akordioa dei horren ostean gauzatu da; izan ere, Espainiako Estatuko hainbat Ministerio (Industria, Ogasuna edo Kanpo Arazoetako Ministerioa kasu) elkarlanean aritu dira Osasun Ministerioarekin kontratua ixteko: "Guztiz ordainduta dago, dagoeneko".
Espainiako Gobernuaren beste estrategia bat osasun-material hori Espainian bertan ekoiztea dela aurreratu du Illak, autohornikuntza bermatzeko: "Honetaz gain, produktu hauek guztiak Espainian egitea ari gara bultzatzen", esan du, eta eskerrak eman dizkio espainiar hainbat enpresari, koronabirusaren aurkako osasun-materiala atzerrian erosteko Gobernuari emandako laguntzagatik.
Hain zuzen ere, zehaztu du Espainiako ekoizpen-talde batzuekin dabiltzala lanean, arnasketa-ekipoak egiteko. Esan duenez, Espainiako Gobernuak "babesa" eman die talde horiei, eta behar izan duten guztia haien esku jarri du. Halaber, aldeztu duenez, Osasun Ministerioarena den Osasun Produktu eta Sendagai Espainiako Agentzia "etengabe" dago irekita, Espainian sortutako produktu horiek "segituan" homologatzeko.
"Produktu gehiago behar dira"
Illaren iritziz, nolanahi ere, "produktu gehiago behar dira": "Gehiago erosteko ahaleginak ari gara egiten. Baina, batez ere, Espainian gehiago ekoizteko", gehitu du, eta berretsi ere berretsi du Espainiako Gobernuak espainiar Estatuan egindako ekoizpenean duela konfiantza, "autohornikuntza bermatzeko, eta ez ibiltzeko beste herrialdeen emanaldien eta horniketen mendean".
Bestalde, ministroak ukatu egin du, beste behin, autonomia-erkidegoek enkargatutako osasun-materialik aduanetan konfiskatu edo kendu izana. Hala, gogora ekarri du autonomia-erkidegoek dituztela osasunaren eskumenak, eta, hortaz, osasun-materiala erostea azken haien ardura dela; Espainiako Gobernua, beraz, "laguntza ematen ari da, hori bakarrik, larrialdi-une batean". Testuinguru horretan, Illak berretsi du espainiar Gobernuak ia sei milioi maskara banatu dituela autonomia-erkidegoetan.