Gizartea -

GARRAIO PUBLIKOA

Bilbobusek zerbitzua mantenduko du puntako orduetan du eta murriztu gainerakoetan

Basurtuko eta Santa Marinako ospitaleetatik pasatzen diren lineak ez dira sartuko berrantolaketa horretan eta, horrenbestez, betiko moduan ibiliko dira ordutegi guztietan.

Bilbobuseko autobus bat. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Bilbobuseko autobus bat
Bilbobuseko autobus bat. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbobusek, bihartik aurrera, bere zerbitzuak egokituko ditu, eskaera murriztu dela kontuan izanik. Halere, lanera edo ospitaleetara joan behar duten pertsonen joan-etorriak bermatuko ditu. Horretarako, puntako orduetako joan-etorrien % 100 mantenduko du eta % 50 murriztuko ditu jende gutxien dabilen ordutegietakoak.

Basurtuko eta Santa Marinako ospitaleetatik pasatzen diren lineak ez dira sartuko berrantolaketa horretan eta, horrenbestez, betiko moduan ibiliko dira ordutegi guztietan.

Bihartik aurrera, Bilbobusen zerbitzuak bost ordutegitan banatuko dira. Honela funtzionatuko dute, asteko egun guztietan, jaiegunak barne:

· 09:00ak arte, zerbitzuaren % 100 linea guztietan

· 09:00etatik 12:00etara, zerbitzuaren % 50

· 12:00etatik 15:30era, zerbitzuaren % 100 linea guztietan

· 15:30etik 20:00etara, zerbitzuaren % 50

· 20:00etatik zerbitzua amaitu arte, zerbitzuaren % 100 linea guztietan

Neurri horren helburua eskaintza eskaerari egokitzea da. Izan ere, eskaera % 85 inguru murriztu da azken bi astean. Aldaketa hau bihartik aurrera aplikatuko da (osteguna, martxoak 26). Berrantolaketa horren bidez, bilbotar guztiak lanera eta ospitaleetara arazorik gabe joatea ziurtatu nahi du Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak.

Bilbobuseko autobusetan, higiene eta garbiketa neurriak indartzeaz gain, ahalik eta gehien mugatu da gehienezko okupazioa segurtasun-tartea mantentzeko eta erabiltzaileen nahiz gidarien osasuna zaintzen laguntzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Bilbobus Garraio publikoa Koronabirusa