Gizartea -
KORONABIRUSA
Aparkaleku berezia ireki dute San Mamesen Basurtuko osasun-langileentzat
Basurtuko ospitaleko aparkalekuak "gainezka" egin duela egiaztatu ondoren hartu dute erabakia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Udalak Basurtuko ospitaleko osasun-langileentzako soilik prestatutako aparkaleku berezia ireki du San Mameseko zabalgunean, koronabirusaren ondorioz ezarritako alarma-egoerak irauten duen bitartean. Aparkalekuak 45 eta 50 ibilgailu artean hartzeko gaitasuna du.
Bilboko Udaletik jakitera eman dutenez, martxoaren 16an hartu zuten Bilboko ospitaleko osasun-langileentzako aparkalekua egokitzeko erabakia, covid-19ak kutsatutako pertsonen kopuruak gora egiten zuela ikusita.
Udaltzaingoak "premiazko" neurri gisa egokitu du aparkalekua, eta hesi berezi batekin hesitu du gunea. Koronabirusaren krisiaren ondorioz Basurtuko ospitaleko aparkalekuak "gainezka" egin duela egiaztatu ondoren hartu dute erabakia.
Bilboko Udalak jakitera eman duenez, neurri "berezia eta puntuala" da, eta osasun-langileei eta ospitale horretako gainerako langileei zuzenduta dago.
Era berean, inguruan ibilgailu-pilaketek izan ditzaketen arazoak konpontzea espero du, baita ospitalearen inguruko trafikoan izan ditzaketen eraginak ere.