Gizartea -
Zaldibarreko luizia
Lau hondeamakina, Joaquin eta Albertoren gorpuen bila
Eguraldi onarekin, bi langileak bilatzeko lanetan "aurrerapen askoz azkarragoak" egin daitezkeela aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak.
Agentziak | Erredakzioa
Lau hondeamakina aritu dira lanean gaur goizean Zaldibarko zabortegian, otsailaren 6an luizi baten ondorioz desagertu ziren Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak bilatzeko lanetan.
Eguraldi onari esker, bi langileak bilatzeko lanetan "aurrerapen askoz azkarragoak" egin daitezkeela aurreikusi du Jaurlaritzak. Goiko lursaila egonkortzen amaitu ostean B2 eremuan (zabortegia lau zatitan banatu dute) sartuko dira berriro, langileen bila jarraitzeko.
Koronabirusaren mehatxuak eragindako osasun alertak albistegietako bigarren maila batera eraman du Verter Recicling enpresaren hondakindegiaren egoera, baina zabortegiko lanek aurrera jarraitu dute.
Zaldibar Argitu plataformako kideek desagertutako bi langileak aurkitzeko ahaleginak areagotzeko eskatu diete erakundeei. "Egoera hau tragedia bat da familientzat, senideen galera, inpotentzia eta konfinamendua jasaten ari baitira", azaldu dute.
Bi langileak desagertu zirenetik 50 egun beteko dira ostiralean, eta plataformako kideek lapiko-protesta bat deituko dute egun horretarako.
Horrez gain, apirilaren 6an beste ekitaldi bat antolatu nahi dute zabortegiaren kudeaketa salatzeko, etxean konfinamenduak baldintzatuta bada ere.
Bestalde, Helene Alberdik, Joaquin Sololuzeren ilobak, azaldu duenez, familiak ez du oraingoz bilaketari buruzko adierazpenik egingo.