Gizartea -
Koronabirusa
Arabako Fiskaltza hasi da erresidentziei buruzko informazioa jasotzen
Foru erresidentzia sarean 21 pertsona daude kutsatuta, horietako 5 ospitaleratuta, eta gainerakoak isolatuta.
agentziak | erredakzioa
Arabako Fiskaltza lurraldeko zaharren egoitzen egoerari buruzko informazioa jasotzen hasi da jada, Estatuko Fiskaltza Nagusiaren aginduari jarraiki. Fiskaltzak erresidentzien osasun-egoeraren berri izan nahi du, tartean koronabirusarekin hildakorik ba ote dagoen.
Ministerio Publikoko iturrietatik jakinarazi dutenez, zentroetako informazioa jasotzera mugatzen ari dira, Fiskaltza Nagusiak hala eskatu duelako.
Atzo Fiskaltzak iragarri zuen ikerketa izapideak abiatu zituela erresidentzia batzuetan gaixorik dauden adinekoak osasun egoera txarrean ote dituzten argitzeko, eta baita koronabirusarekin hildakoak bertan pilatzen ari diren jakiteko ere, Espainiako Armadak horrelako egoerak salatu ostean.
21 positibo
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak adierazi du 21 pertsona daudela koronabirusarekin kutsatuta lurraldeko erresidentzia sarean, horietako 5 ospitalean daudela, eta 16 erresidentzietan artatzen ari direla, isolamendu neurriekin.
Gainera, foru gobernua aztertzen ari omen da Espainiako Gobernuak erresidentzia pribatuen kudeaketa erkidegoen esku uzteko eman zuen agindua, "berehala" ezartzeko Araba osoan.
Aldundiak telematikoki egindako bileraren ostean emandako prentsaurrekoan, Gonzalezek esan du azken orduetan beste bi koronabirus kasu atzeman dituztela Zadorra erresidentzian, eta guztira 5 direla bertan dauden kasuak.