Gizartea -
KORONABIRUSA
13 hildako gehiago EAEn eta zazpi Nafarroan, azken orduetan
EAEn, 2.728 dira zenbatutako positiboak, eta 1.129 lagun ospitaleratu dituzte. Nafarroan, 31 pertsona hil dira eta 1.014 kasu positibo daude jada; 128 gehiago.
EITB.EUS
Koronabirusaren pandemia dela eta, 13 pertsona hil dira azken 24 orduotan EAEn; hau da, 133 lagun hil dira jada COVID-19aren ondorioz, eta 2.728 positibo zenbatu dituzte EAEn, astelehenean baino 307 gehiago; horietatik 1.129 ospitaleratuta daude.
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak agerraldia egin du, Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera, Gobernu Kontseiluaren ostean, koronabirusaren pandemiak EAEn duen bilakaera azaltzeko.
Araban, 1.086 positibo izan dira (344k ospitaleratuta jarraitzen dute); Bizkaian, 1.189 positibo daude (635, ospitaleetan), eta Gipuzkoan, 453 (150 daude ospitaleetan).
Orain arte, EAEn 7.646 detekzio-proba egin dira, eta 344 pertsonak gainditu dute gaixotasuna, ospitaleetako altak barne. Guztira 48 dira sendatu direnak, eta 296 dira ospitalean alta eman diotenak.
Nafarroan 31 hildako izan dira, 7 gehiago
Nafarroan 1.014 koronabirus kasu positibo zenbatu dituzte, hau da, 128 gehiago. Foru Erkidegoan 31 pertsona hil dira, atzo baino 7 gehiago.
Koronabirus kasu positibo guztietatik 45 ZIUn daude, Espainiako Gobernuak astearte honetan emandako datuen arabera.
Bestalde, dagoeneko hamaika alta izan dira koronabirusak jota daudenen artean Foru Erkidegoan.
40.000 positibo inguru, Espainian
Koronabirusean positibo eman dutenen kasuak 39.673 dira Espainian, hau da, astelehenean baino 6.000 gehiago. Dagoeneko 2.696 pertsona hil dira (atzo baino 500 gehiago), 3.794 sendatu dira (400 gehiago) eta 2.636 ZIUn daude (300 gehiago), Osasun Ministerioak astearte honetan argitaratutako balantze ofizialaren arabera.