Gizartea -
Koronabirusa
WhatsApp bidez koronabirusari buruzko galderak erantzuteko zerbitzua prestatu du MOEk
Doako zerbitzua da, eta herritarrek koronabirusaren inguruan dituzten zalantzak argitzeko prestatu dute. Eguneko 24 orduetan egongo da erabilgarri.
Agentziak | Erredakzioa
Koronabirusak nazioartean eragin duen osasun krisiaren ondorioz, WhatsApp bidezko doako zerbitzua prestatu du Munduko Osasun Erakundeak (MOE), herritarren galderei iturri ofizial eta fidagarriak erabiliz erantzuteko. Zehazki, MOEren Osasun Alerta izena jarri diote zerbitzu horri.
Doako zerbitzua da, eta herritarrek koronabirusaren inguruan dituzten zalantzak argitzeko prestatu dute. Eguneko 24 orduetan egongo da erabilgarri, mundu osoan informazio fidagarria eta ofiziala arin emateko helburuarekin, WhatsAppek ohar baten bidez jakinarazi duenez.
MOEren Osasun Alerta zerbitzua, erabiltzeko, +41 79 893 1892 zenbakia gorde behar da telefono-mugikorreko kontaktuen agendan, eta gero, besterik gabe, WhatsApp bidezko mezu batean "kaixo" hitza idatzi eta bidali. Ondoren, galdera edo zalantza igorri daiteke. Zerbitzua etengabe eguneratzen da informazio berrienarekin.
Horrez gain, herritarrek WhatsAppek prestatu duen Koronabirusaren Informazio Zentroa bisita dezakete, eta hasierako orrian dagoen MOEren estekan klik egin MOEren Osasun Alertarekin elkarrizketa hasteko, WhatsApp instalatuta izanez gero.
MOEren Osasun Alertak koronabirusarekin lotutako hainbat gairi buruzko informazio ofiziala emango du: birusetik babesteko jarraibideak, joan-etorriak egin behar izanez gero kontuan izan beharreko aholkuak edo koronabirusari buruzko zurrumurruak gezurtatzeko moduak.
Hasiera batean ingelesez kaleratuko dute zerbitzua, baina Nazio Batuen Erakundeak erabiltzen dituen sei hizkuntzetan (ingelesa, arabiera, txinera, frantsesa, errusiera eta gaztelania) egongo da erabilgarri datozen asteetan.
Tedros Adhanom Ghebreyesus MOEko zuzendari nagusiak honako hau adierazi du: "Teknologia digitalak aurrekaririk gabeko aukera ematen digu osasun arloko informazioa nazioartean pandemia baino azkarrago zabal dadin, bizitzak salbatuz eta ahulak babesten lagunduz".