Gizartea -
Koronabirusa
Perutik 28 euskal herritar itzuliko dira gaur estatuen arteko akordio bati esker
Marian Elorza Kanpo Ekintzako idazkari nagusiak azaldu duenez, EAEko 130 bat herritar daude uneotan etxera itzuli ezinda atzerrian, baina horien itzuleraren eskumena Espainiako Ministerioarena da.
eitb.eus
Atzerrian, etxera itzuli ezinda, EAEko 130 bat herritar daudela jakinarazi du Marian Elorza Kanpo Ekintzako idazkari nagusiak, baina bihar, asteazkenarekin, horietako 28 iritsiko omen dira Madrilera Limatik, Espainiako eta Peruko estatuek egindako akordio bati esker.
Elorzak ETB1-eko 'Egunon Euskadi' saioan egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "espainiar nazionalitatea duten hiritarrei babesa eskaintzea Ministerioari dagokio", baina Eusko Jaurlaritza "itzulera errazten laguntzen saiatzen da".
Kanpo Ekintzako idazkari nagusiak bi kasuistika aipatu ditu itzulerekin dauden arazoak argitzeko: alde batetik, hegaldi kopuruak nabarmen egin duela behera, eta ondorioz zailagoa da etxera itzultzeko hegaldia lortzea; beste alde batetik, herrialde batzuk erabat itxita dituzte mugak, bai sartzeko, bai ateratzeko.
Bigarren kasua da Perurena. Horregatik, bertan dauden euskal herritarrak itzuli ahal izateko, "estatuen arteko salbuespeneko akordioa" da irtenbidea, eta akordio horri esker "estatu hegaldiak" antolatzea herritarrak bertatik ateratzeko eta etxera itzuli ahal izateko.
Elorzak uste du "berri ona" dela lehenengo hegaldia gaur bertan izatea, hortik aurrera "gehiago" etorriko direlako.
275 bat pertsona jarri omen dira Jaurlaritzarekin harremanetan konfinamenduak hasi zenetik, eta lehenengo egunetan erdiak jada itzuli ziren etxera.
Horren harira, "animo mezua" helarazi nahi izan die oraindik kanpoan dauden euskal herritarrei, "badirudielako konponbidearen hasieran gaudela".
Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Ekintzako idazkari nagusiak azpimarratu du, eskumena Ministerioarena izan arren, Eusko Jaurlaritzak lagundu egiten duela prozesu osoan, eta aholkuak eta jarraibideak ematen dizkiela eurengana jotzen duten guztiei.