Gizartea -
Koronabirusa
Araban ezarritako zonifikazio-sistema Euskadi osora hedatuko da aste honetan
Sistema horrekin, arnas sintomak dituzten herritarrek euren osasun-zentrora deitu behar dute, eta bertatik bideratuko dituzte dagokien erreferentzia-zentro espezifikora.
EiTB.EUS
Araban hilaren 16an ezarri zuten lehen mailako arretaren zonifikazio-sistema Barrualde Galdakao ESIra iritsi da astelehen honetan, eta Bizkaiko gainerako lurraldera eta Gipuzkoara aste honetan bertan hedatuko da, Osakidetzak aurreikusten duenez.
Sistema horren helburua da, alde batetik, laguntza zentro espezifikoetan bideratzea, eta, bestetik, herritarren segurtasuna indartzea, koronabirusaren krisian.
Hala, Barrualde Galdakao Erakunde Sanitario Integratuan erreferentziako 9 osasun-zentro zehaztu dituzte arnas patologiak artatzeko: Basauri-Ariz, Galdakao, Zornotza, Durango, Gernikako Ospitalea, Lekeitio, Ondarroa, Amurrio eta Laudio.
ESI horretako herritarrek, COVID-19ko sintomarik izatekotan, euren osasun-zentrora deitu beharko dute, ez 900 20 30 50 telefono-zenbakira (Osasun Aholkuaren telefonoa da hori); euren osasun-zentroak esango die arnas patologiak artatzen dituen zein erreferentzia-zentrotara joan behar duten.
Berregituraketa honen bidez, arnas sintomak dituzten herritarrak espezifikoki sintoma horiek artatzeko prest dauden zentroetan zainduko dituzte; bestalde, herritarren segurtasuna handiagoa izango da, kutsadura ekiditeko bide zehatzak ezartzen baitira.
Oraingoz, Bizkaian eta Gipuzkoan sintomak dituztenek (Barrualde Galdakao ESIko herritarrak kenduta) 900 20 30 50 telefono-zenbakira deitu behar dute, Araban eta Barrualde Galdakao ESIan ezarritako sistema erabiltzen hasi arte.
Araban, Gasteizen, duela egun batzuk hasi ziren erabiltzen erreferentziako hiru osasun-zentro, zaintza handia behar duten eta arnas sintomak dituzten gaixoentzat: Zabalganakoa, Salburuakoa eta Lakuabizkarrakoa dira, hain zuzen ere.