Gizartea -
KORONABIRUSA
23 hildako gehiago EAEn eta hildakorik ez Nafarroan, azken orduetan
EAEn, 2.421 dira zenbatutako positiboak, eta 1.005 lagun ospitaleratu dituzte. Nafarroan, 24 pertsona hil dira eta 886 kasu positibo daude jada; 92 gehiago.
EITB.EUS
Koronabirusaren pandemia dela eta, 23 pertsona hil dira azken 24 orduotan EAEn; hau da, 120 lagun hil dira jada COVID-19aren ondorioz, eta 2.421 positibo zenbatu dituzte EAEn, igandean baino 324 gehiago.
Osasun krisia hasi zenetik izan den egunik latzena izan da azkena, ostiralean koronabirusa zuten 18 pertsona hil ostean.
2.421 positiboetatik ia erdiak (1.005) ospitaleratuta daude, Nekane Murga Osasun sailburuak astelehen honetan zabaldutako datuen arabera.
Araban, 1.009 positibo izan dira (328k ospitaleratuta jarraitzen dute); Bizkaian, 1.032 positibo daude (541, ospitaleetan), eta Gipuzkoan, 380 (136 daude ospitaleetan).
Nafarroan, 886 kasu positibo izan dira
Orain arte, 886 koronabirus kasu positibo erregistratu dituzte Nafarroan, hau da, 92 gehiago. Foru Erkidegoan 24 pertsona hil dira.
Positibo emandako kasu guztien artean, 339 ospitaleratu dituzte, horietatik 40 zainketa intentsiboetako unitatean; igandean baino 10 gehiago. Gainerakoak (547) etxean daude, eta jarraipena egiten ari zaie, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera.
Bestalde, koronabirusa zutenen artean, zazpik alta jaso dute jada.
Bideoa: Koronabirusak Estatuan kaltetutakoen datuak: