Gizartea -
Nazioarte mailan
250.000 lagun baino gehiagok dute koronabirusa, eta 10.000tik gora dira hildakoak
Gaixo kopuruei dagokienez, gehienak Txinan daude, jarraian Italian eta Espainian. Munduko Osasun Erakundearen arabera, 182 herrialdetan dago jada gaitza.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Koronabirusak kutsatutako 266.073 pertsona daude mundu mailan, eta gaitz horrengatik hildakoak, berriz, 11.184 dira, Munduko Osasun Erakundeak larunbat honetan jakinarazi duenez.
Ostiralean zabaldutako datuekin alderatuta, 32.000 kasu eta 1.344 hildako gehiago daude nazioarte mailan. Gauzak horrela, 250.000 kutsatuen eta 10.000 hildakoen muga gainditu du pandemiak.
Kasu gehienak Txinan daude (81.000), azken hiru egunetan tokiko kutsatze berriak egon ez badira ere. Italian 47.000 kasu daude, eta 25.000 Espainiar Estatuan. AEBak, Alemania, Frantzia eta Iran bezalako herrialdeetan 10.000tik gora ere daude. Munduko Osasun Erakundearen arabera, 182 herrialdetan dago jada gaitza.