Gizartea -

Koronabirusa

Lau kasu gehiago aurkituta, 16 positibo antzeman dituzte Gipuzkoako egoitzetan

Azken orduetan lau positibo berri antzeman dituzte Tolosako Iurramendi zahar-etxean. Ostiralean beste lau antzeman zituzten egoitza berdinean. Bestalde, Gasteizen, 95 urteko emakume bat hil da.

EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tolosako Iurramendi zahar-etxean lau positibo berri antzeman dituzte azken orduetan. Ostiralean beste lau antzeman zituzten egoitza berdinean. Guztira, 16 koronabirus kasu dira Gipuzkoako egoitzetan.

Eider Mendoza Aldundiko bozeramaileak ohar batean jakinarazi duenez, lau kasu berri horiekin, Iurramendik zortzi positibo ditu dagoeneko. Bestalde, Eibarko Egogain egoitzak gaixo bakarra du.

Era berean, pertsona desgaituentzako egoitzetan beste zazpi kasu gehiago daude: sei Hondarribiako Uliazpi egoitzan, eta bakarra Donostiako Berriz 1 zentroan.

Gipuzkoako egoitzetan antzemandako kasuetatik hiru ospitaleratu behar izan dituzte, "osasun egoera makalagatik".

"Egiten ari diren lan guztiagatik" egoitzetako profesionalei eskerrak eman dizkie Eider Mendozak, baita familiei ere, "testuinguru zailean elkar ulertzeagatik eta lankidetzagatik".

Emakume bat hil da Araban

Bestalde, Arabako Foru Aldundiak aditzera emandakoaren arabera, 95 urteko emakume bat hil da Ajuria zaharren egoitzan, Gasteizen, COVID-19aren ondorioz. Hildakoak bestelako gaixotasun batzuk zituen.

Emakumeak positibo eman zuen koronabirusagatik, eta egoitzan bertan artazten ari ziren. Ajuria egoitza Arabako Gizarte Ongizate Institutu sarearean barruan dago. 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Araba Eibar Tolosa Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Hondarribia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Euskotren Adinekoentzako egoitzak Erizaintza Koronabirusa Gipuzkoako Foru Aldundia Arabako Foru Aldundia azken ordukoa Euskadiko adinekoak