Gizartea -
KORONABULOAK
GEOS siglen kointzidentziak eta koronabiruserako dituzten protokoloak
Boliviako boluntarioen talde batek WhatsApp bidez zabaldutako gomendioek zalantza sortu dute, elkartearen siglak Espainiako Poliziaren Operazio Berezietako Taldearenaren berdinak direlako.
EiTB
Espainiako Polizia Nazionalaren GEOS (Operazioetako Talde Berezia) elite unitateak ez ditu landu COVID-19 gaitzaren aurkako protokoloak eta ekintzak jasotzen dituzten PDF formatuko jarraibide batzuk. Aitzitik, dokumentu horien egilea Boliviako GEOS taldea da, hots, erreskate eta salbamendu ekintzak gauzatzen dituen suhiltzaile boluntarioz osatutako fundazioa. Bi taldeen siglak berdinak direnez, zalantza asko sortu ditu jendearengan, gomendioak WhatsApp bidezko mezu baten bitartez zabaldu baitziren.
Lerro hauen ondoren txertatutako txioan ikus daitekeenez, honako hau da Boliviako GEOS taldeak zabaldutako jatorrizko dokumentua. Agerikoa da Hego Amerikako elkartearen irudi korporatiboak ez duela zerikusirik Espainiako Polizia Nazionalaren unitate bereziak duenarekin.
Dokumentu horretan, koronabirusari aurre egiteko egin beharreko hainbat ekintzaren berri ematen da, bai norberaren etxera iristean, bai bertatik irtetean. Horrez gain, arrisku egoeran dauden pertsonekin bizitzean kontuan hartu beharreko zenbait protokolo ere aipatzen dira. Gomendio batzuk begi-bistakoak eta zentzuzkoak dira, baina okertzat jo daitezkeen beste batzuk ere badaude.
Esaterako, etxera sartzerako garaian oinetakoak kentzea gomendatzen da, koronabirusa oinetakoen zolan itsatsita egon daitekeelakoan; alabaina, baieztapen hori dagoeneko ezeztatu zuen EITBren #Koronabuloak ekimenak.