Gizartea -
Koronabirusa
Netflixek iragarri du kalitatea jaitsiko duela Europan, sareak gainez ez egiteko
Iragarpena egin baino lehen, Europar Batasunak kalitatea jaisteko eskatu zien streaming bidezko plataformei.
agentziak | erredakzioa
Netflix plataforma digitalak iragarri du irudi kalitatea jaitsiko duela Europan 30 egunez, zenbait herrialdetan konfinamendu neurriak indarrean dauden honetan sareak gainez egin ez dezan.
Neurri horrekin, Netflixek berak uste du trafikoa % 25 jaitsiko dela Europako sareetan.
Europar Batasunaren eskaera
Ordu batzuk lehenago, Thierry Breton EBko Industria komisarioak kalitatea jaisteko eta bereizmena goi mailakoa ez izateko eskatu zien Netflix eta gainerako ikus-entzunezko plataformei, koronabirusagatik konfinamendua orokortu den honetan "Internetek huts egin ez dezan".
"Agintari publiko eta enpresa askok telelana ezarri dute. Unibertsitate eta eskola batzuek Internet bidez ikasteko tresnak jarri dituzte. Are gehiago, etxean konfinatuta dagoen jendeak entretenimendu aplikazioak erabiltzen ditu, streaming bidezko pelikuletarako edo online jokuetarako", adierazi zuen Europako Batzordeak.
Ondorioz, "Interneten gaitasunaren eskaera handitu egin da, eta trafikoaren banaketa ezohikoak arriskuan jartzen du sarearen azpiegitura, gehien behar dugunean, hain justu", gaineratu zuen.
Komisarioak Reed Hastings Netflixen kontseilari ordezkariarekin hitz egin du, eta gainerako plataformei ere telekomunikazio operadoreei laguntzeko eta "bideo emanaldien errendimendua" egokitzeko eskatu zien: "Adibidez, estandar kalitatea eskainiz, goi mailakoa izan beharrean, bereziki lanordu kritikoenetan”.