Gizartea -

Koronabirusa

Arrantzale batek isolamenduari aurre egiteko aholkuak eman ditu

Bermeoko arrantzale batek gomendio batzuk zabaldu ditu Twitter bidez, eguneroko bizitzan oinarrituta, gaur egungo egoerari aurre egin eta isolamendua ahalik eta modurik onenean eraman ahal izateko.

Gizon bat bere etxean, mugikorrari begira. Argazkia: EFE
Gizon bat bere etxean, mugikorrari begira.
Gizon bat bere etxean, mugikorrari begira. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Gabantxo Bermeoko (Bizkaia) arrantzalea da, eta, bere lanaren ezaugarriak direla-eta, hilabete ugari ematen ditu itsasoan, ontzitik atera ezinik. Hala, bere eguneroko bizitzan oinarrituta, gomendio batzuk zabaldu ditu Twitter bidez, gaur egungo egoerari aurre egin eta isolamendua ahalik eta modurik onenean eraman ahal izateko:

- "Bilatu zer egin. Itsasoan gaudela lanik ez dugunean gaizki pasatzen dugu. Zerbait egiten ari zaren bitartean ez duzu burua berotzen".

- "Kirola egin dezakezu, irakurri edo ikasi. Hilabeteak tantaka daramatzan txorrota hori konpontzeko aprobetxatu… edo beste edozer gauza egin. Baina egizu".

- "Ez isolatu. Deiak ezinbestekoak dira moralari eusteko eta senide eta lagunekin kontaktua mantentzeko. Bakarrik bazaude, telefonoz, Internetez… hitz egizu egunero. Eta bakarrik ez bazaude, zure ondoan dauden pertsonekin hitz egin".

- "Bikotekidea etxean baduzu, hura hobeto ezagutzeko aprobetxa ezazu. Zure konfort-zonatik ateratzen zarenean konturatzen zara nolakoa zaren benetan".

- "Bizikidetza-arazo bat sortzen bada, ez saihestu eta konpondu. Eta konponbiderik ez badu, emaiozu denbora. Isolamendua amaitzen denean iritsiko da konponbidea, lasai".

- "Egunero dutxatu".

- "Pantailen aurrean ematen duzun denbora mugatu. Ez igaro egun osoa ordenagailuaren aurrean".

- "Ez edan alkoholik eta ez kontsumitu beste drogarik".

- "Ez ezazu gehiegi jan. Jendea aspertzen denean normalean baino bisita gehiago egiten ditu hozkailura".

- "Betiko ordu berberak egizu lo".

- "Ez jarri datarik. Aurreikusi baino denbora luzeagoan normaltasunera itzuliko zarela pentsatu beti ".

- "Ez pentsatu giltzapetuta egotea zorigaitza denik. Aprobetxatu unea, aldatu ezin duzun zerbait baita, baina esperientzia berri bihur dezakezu. Eta kalera ateratzen zarenean, gozatu".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Bitxikeriak Teknologia Twitter Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Sare sozialak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Aisia albisteak Erizaintza Sendagaiak Internet Koronabirusa