Gizartea -

Koronabirusa

630 positibo eta 22 hildako EAEn, eta 196 kutsatu eta hildako bat Nafarroan

Azken orduetan hiru pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan, guztiak Araban. 263 pertsona ospitalean daude EAEn, eta beste 43 Nafarroan.

Gasteizko kale eta parkeak hutsik igandean. Argazkia: EFE
Gasteizko kale eta parkeak hutsik igandean. Argazkia: EFE
Koronabirusagatik 630 kutsatu daude dagoeneko EAEn

1:20

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken orduetan koronabirusarekin hiru pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan, guztiak Araban. Guztira, 22 pertsona hil dira EAEn. Dagoeneko 630 kasu antzeman dituzte, larunbatean zenbatutakoak baino 109 gehiago.

COVID-19 birusaren inguruko azken datuen berri eman du Osasun Sailak igande honetan. Guztira, 263 pertsona ospitalean daude.

Arabak antzeman ditu kasu gehien, 409, Bizkaiak 158 eta Gipuzkoak 63.

Positibo berriei dagokionez, 49 baieztatu dituzte Araban. Bertan 16 pertsona hil dira jadanik. 172 pertsona ospitalean daude.

Bizkaian, 43 kasu berri antzeman dituzte, eta 70 ospitaleratu. Hildakoen kopurua ez da aldatu: 3.

Gipuzkoan, 17 positibo berri izan dira azken orduetan. 20 pertsona ospitalean daude, eta 3 pertsona hil dira.

Nafarroan, 196 kasu positibo dira, horietako 43 ospitalean daude, Foru Gobernuak jakitera eman duenez.

43 ospitaleratuetatik, 4 ZIUn daude, eta 149 pertsona etxean ari dira artatzen.

Pertsona bat hil zen larunbatean, Nafarroako Ospitale Gunean. Konkretuki, aldez aurretik patologiak zituen 87 urteko emakume bat hil zen.

Proba klinikoak Remdesivir botikarekin

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez, Euskadi, Madril, Bartzelona, Frantzia, Alemania eta Italia, besteak beste, entsegu klinikoetan parte hartzen ari dira nazioarte mailan, COVID-19 birusari aurre egiteko.

Bi paziente taldetan botika berri bat probatzeko proiektua da, botikaren eraginkortasuna eta segurtasuna aztertzeko helburuarekin.

Edozein momentutan tratamendu berria gelditzeko aukera izango dute pazienteek, mediku arduradunak ados daudenean, Osasun Sailak erantsi duenez.

Remdesivir botika probatuko dute. "Nukleotidoen antzekoa" da. Teorian, birusaren RNAri eraso egiten dio gorputzeko zelulatan zabaltzea eragotziz, iturriek azaldu dutenez.

Entseguen aurreneko emaitzak "datozen hilabeteetan" lortzea espero dute. Horien arabera, botika paziente denetan erabiltzeko baimena emango dute ala ez.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Gurutzetako ospitalea Erizaintza Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Nafarroako Osasun Zerbitzua