Gizartea -

KORONABIRUSA

Espainiako Gobernuak herritarren zirkulazioa mugatuko du igandetik aurrera

Zortzi kasutan bakarrik ibili ahal izango dira pertsonak kaletik: elikagaiak eta sendagaiak erostera joateko, eta lanera joateko, adibidez.

Panel informatiboa Madrilen. Argazkia: EFE
Panel informatiboa Madrilen. Argazkia: EFE
Panel informatiboa Madrilen. Argazkia: EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusa zabaltzea saihesteko herritarren zirkulazio askea mugatuko du Espainiako Gobernuak igandeko 00:00tik aurrera.

Larunbat honetan egiten ari diren Ministroen Batzar ez ohikoan hartu dute erabakia, eta kasu zehatz batzuetan bakarrik egongo da baimenduta herritarren mugimendua.

Eskuartean duten dekretu borradorearen arabera, "erabilera publikoko bideetatik" zortzi kasutan bakarrik ibili ahal izango dira pertsonak: elikagaiak erosteko, sendagaiak erosteko eta oinarrizko beharretarako den zerbait erosteko, adibidez.

Osasun zentroetara joateko, lanera joateko, lana bera burutzeko eta etxera itzultzeko ere atera ahal izango da kalera. Baita adinekoak, adin-txikikoak, menpekotasunen bat dutenak zein bereziki ahulak direnak zaintzeko ere.

Azkenik, finantza erakundeetara joatea ere baimendua egongo da baita "behar-beharrezkoak" diren mugimenduak ere, "behar bezala justifikatuta badaude".

Martxoaren 16ko 08:00etan jarriko dira indarrean naueri horiek eta dekretuak jasotzen dituen besteak BOEn argitaratzen direnean.

Autoan mugitzea ere mugatuta

Norbere autoan bide publikoetatik ibiltzea ere mugatu egingo du Espainiako Gobernuak eta soilik aurreko kasuetarako edo gasolindegietara joateko hartu ahal izango da autoa.

Baimendutako desplazamentuetan ere, "agintarien gomendio eta arauak" errespetatu beharko dituzte herritarrek.

Errege-dekretuaren seigarren artikuluan, halaber, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroari ematen zaio polizia autonomikoen eta lokalen kontrola, alarma-egoera aplikatuta, koronabirusaren agerraldiari aurre egiteko (Covid-19), eta, horrela, ahalmena izango du "errepideak edo errepide-zatiak zirkulazioan ixtea erabakitzeko, osasun publikoko, trafikoaren segurtasun edo arintasuneko arrazoiengatik, edo ibilgailu jakin batzuen sarbidea mugatzeko."

Gobernuan ohartarazi duenez, "herritarrek laguntzeko eta agintaritzaren agenteen lana ez oztopatzeko betebeharra dute".

Polizia propioa duten autonomia erkidegoek, Kataluniak zein Euskadik, esate baterako, Segurtasun Batzordeen bidez koordinazio mekanismoak ezarriko dituztela zehazten du dekretuak .

Bestalde, errege-dekretuak dio zirkulazio-askatasunari muga horiek jartzetik salbuetsita daudela "Espainian kokatutako ordezkaritza diplomatikoetako, bulego kontsularretako eta nazioarteko erakundeetako kide gisa egiaztatutako langile atzerritarrak".

Autogobernua

Zentzu horretan, Espainiako Gobernuak segurtasun eta osasun eskumen "guztiak" bere gain hartzen baldin baditu "155. artikulua" aplikatzea litzatekeela esan du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, baina "printzipioz" Pedro Sanchez presidentearen asmoa hori denik ez du uste.

Exekutibo zentralak erkidegoen gaineko aginte bakarra ezartzeko aukeraren inguruan galdetu diote Erkorekari Radio Euskadin. Iñigo Urkullu lehendakariak Sanchezekin izandako elkarrizketan, Espainiako gobernuburuak "printzipioz erkidegoen eskumenekin errespetuzko jarrera" agertu zuela azaldu du Jaurlaritzako bozeramaileak, "azken astean bezala bi gobernuen arteko lankidetza mantentzeko".

"Segurtasun eta osasun arloetan Espainiako Gobernuak erkidegoen eskumenak baliogabetzea ezustekoa litzateke, elkarrizketetan aipatu ez den 155. artikulua", erantsi du.

Era berean, erkidegoaren eskumenak "urratzea" onartuko ez duela ohartarazi dio Kataluniako Generalitateak Pedro Sanchezen Exekutiboari.

Sanchezek bihar arte atzeratu du erkidegoetako presidenteekin egitekoa den bideokonferentzia

Bestalde, Espainiako Gobernuko presidenteak bihar arte atzeratu du autonomia erkidegoetako presidenteekin gaur arratsaldean egitekoa zuen bideokonferentzia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Koronabirusa