Gizartea -
Koronabirusa
Dagoeneko 521 kasu eta 19 hildako EAEn, eta aurreneko heriotza Nafarroan
Azken orduetan beste bost pertsona hil dira Euskadin koronabirusarekin, lau Araban eta bat Bizkaian. 87 urteko emakume bat hil da Nafarroan.
Agentzia | Erredakzioa
Azken orduetan beste bost pertsona hil dira Euskadin koronabirusarekin, lau Araban eta bat Bizkaian. Ondorioz, dagoeneko 19 pertsona hil dira. Guztira, 521 kasu antzeman dituzte, ostiralean zenbatutakoak baino 104 gehiago.
Gaixotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izaten ari den bilakaeraren azken datuak jakitera eman ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. 222 pertsona ospitalean dira EAEn.
Gipuzkoan 46 kutsatu (16 ospitaleratu) antzeman dituzte, Bizkaian 115 (53 ospitaleratu) eta Araban 360 (153 ospitaleratu).
Positibo berrietatik, 50 Araban bizi dira, bertan 13 hildako izan dira jadanik, eta 153 ospitalean daude.
Bizkaian, hiru hildako utzi ditu koronabirusak, ostiralean baino 32 kasu gehiago antzeman dituzte, eta 53 kutsatu ospitalean daude. Gipuzkoan, 22 pertsona gehiago kutsatu dira, hiru hildako eta 16 ospitaleratu.
87 urteko emakume bat, aurreneko hildakoa Nafarroan
87 urteko emakume bat hil da Nafarroan koronabirusarekin. Gaixotasunak Foru Erkidegoan utzi duen aurreneko hildakoa da.
Martxoaren 12an ospitaleratu zuten Nafarroako Ospitale Gunean, eta aldez aurretik patologia larriak zituen.
Gainera, Nafarroan 183 dira kutsatuak dagoeneko, Foru Gobernuak azaldu duenez. Ostiraleko 18:00etan 130 ziren, beraz 53 gehiago dira orain. Bi kutsatuk sendagiria jaso dute dagoeneko.
34 pertsona daude ospitaleratua Nafarroan, horietako 4 Zainketa Intentsiboen Unitatean.
Hala ere, paziente gehienak etxean daude, 149, eta bertan ari zaizkie jarraipena egiten.
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak agerraldia egin du gauean, Espainian alarma egoera onartu ondoren.
Bestalde, Espainiako Estatuan 5.753 kasu antzeman dituzte dagoeneko, ostiraleko 18:00etan baino 1.522 kutsatu gehiago.
Osasun Ministerioak zehaztu duenez, kasu gehienak Madrilen (2.940 kutsatu) eta Katalunian (509) antzeman dituzte.