Gizartea -
Zaldibarko luizia
Zaldibarko bilaketa lanetan laguntzeko eskatu dio Jaurlaritzak Verter Recyclingi
Bestalde, lehendakariak gaur goizean bisitatu du zabortegia, Segurtasun sailburuarekin eta desagertutako langileen senideekin batera.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak errekerimendu bat bidali dio ostiral honetan Zaldibarko zabortegia kudeatzen duen Verter Recycling enpresari, administrazio publikoak hasitako lanetan "eginkizun osagarriak" egiten has dadin; desagertutako beharginak bilatzen laguntzeko.
Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak ziurtatu duenez, erreskate taldeak "intentsitate handiz" ari dira lanean zabortegian, eta hórrela jarraituko dute "desagertuen gorpuak aurkitu arte".
"Oso aurreratuta dauden eremuetan ahalegin guztiak areagotu ditugu, bilaketa lanak areagotzea ahalbidetzeko", gaineratu du Ingurumen sailburuordeak.
Bestalde, Elena Morenok jakitera eman duenez, enpresa kudeatzaileari errekerimendu bat bidali diote, "Administrazioak bere gain hartu dituen lanetan eginkizun osagarriak egin ditzan". "Enpresak berehala erantzun beharko dio errekerimendu horri", gaineratu du.
Lehendakariaren bisita
Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak zabortegian izan du gaur goizean, Gobernu Kontseiluaren ezohiko bileraren osteko prentsaurrekoa amaitu ostean.
Lehendakaritzako iturriek jakitera eman dutenez, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuarekin batera joan da zabortegira, lanen bilakaera bertatik bertara ikusteko eta otsailaren 6tik desagertuta dauden bi langileen familiekin biltzeko. Ildo horretatik, bilaketa lanekin jarraitzeko konpromisoa adierazi die lehendakariak familiei.
Halaber, COVID-19 gaitzak eragindako osasun-krisiaren ondorioz, ostiral honetatik aurrera modu telematikoan egingo dituzte zabortegiko lanak jarraitzeko eta koordinatzeko bilerak.
Gauzak horrela, bilaketa lanekin lotutako gai zehatzak landu behar dituzten pertsonak soilik "behar-beharrezkoa" denean bilduko dira inguru horretan.