Gizartea -
Gaixotasuna
Darias ministroak eta Santiago Abascalek ere positibo eman dute koronabirusean
Pedro Sanchezen Gobernuko kideen artean izan den positibo berri bakarra da Dariasena, Monteroren ostean. Kongresuaren jarduera eten egin dute datozen bi asteetarako.
agentziak | erredakzioa
Carolina Darias Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroa izan da Espainiako Gobernuan koronabirusagatik positibo eman duen bakarra, Irene Montero Berdintasun ministroaren ostean. Gainera, Santiago Abascal Voxen buruzagiaren positiboa baieztatu da.
Moncloak jakinarazi du Pedro Sanchezen Gobernu osotik eta presidentearen gertuko pertsona guztietatik, Dariasena dela positibo berri bakarra, Monterorena jakin eta gero guztiei frogak egin ondoren.
Darias etxean dago, eta ongi omen dago, Montero bezala, Espainiako Gobernuaren arabera.
Lurralde Politikako arduradunak gaurko Ministroen Kontseiluan parte hartu du eguerdian, birusak eragindako krisiari aurre egiteko neurri sorta onartu duten 22 ministroen artean.
Abascalek, positibo
Bestalde, Santiago Abascal Voxen buruzagiak ere iragarri du positibo eman duela koronabirusaren frogan, eta ondo dagoela adierazi du.
Twitterren eman du albistearen berri, eta azaldu du Javier Ortega Smith idazkari nagusiaren positiboa jakin zutenean berrogeialdian jartzea erabaki zuela, eta laborategi pribatu batean egin duela froga.
"Probak positibo eman du, beraz, etxetik jarraituko dut lan egiten. Eskerrik asko arduratzeagatik, nahiz eta nahiko ondo nagoen", idatzi du.
Era berean, Macarena Olona Voxen Kongresuko idazkari nagusiak, eta Miguel Pascual eta Ana Vega (haurdun dago) Valentziako Parlamentuko diputatuek ere birusa dutela jakinarazi dute.
Kongresua, itxita
Espainiako Diputatuen Kongresuak ateak itxi ditu martxoaren 24ra arte, eta Gobernuaren bi lege dekretu onartzeko osoko bilkura batekin berrekingo dio lanari, baina hitza hartuko duten taldeetako ordezkari bana bakarrik bertaratu beharko da.