Gizartea -

Koronabirusa

11 hildako eta 346 koronabirus kasu daude EAEn

Kasu positiboetatik 147 ospitaleratuta daude. Gipuzkoak 16 positibo ditu; Bizkaiak, 38; eta, Arabak, 259. 92ra igo dira koronabirusen kasuak Nafarroan.

Hospital en Álava. Foto: EFE
Hospital en Álava.
Txagorritxun neurri bereziak hartzen hasiko dira, antolaketa egokitzeko

2:24

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn, gaur egun, 346 COVID-19 kasu daude, asteazkenean baino 85 gehiago; horietatik 147 ospitalean daude, eta 11 dira jada birus horrekin hildakoak, atzo baino hiru gehiago: bi Araban eta bat Gipuzkoan.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldia egin du ostegun honetan hedabideen aurrean, EAEn eskolak bertan behera geratuko direla iragartzeko eta epidemiaren hedapen datuak eguneratzeko.

85 kasu berrietatik 58 Araban atzeman dituzte, 20 Bizkaian eta 7 Gipuzkoan.

Bestalde, emaitza negatiboa duten probak, hau da, kutsatu gabeko pertsonak, 1.580 dira.

Gaur baieztatu denez, Bizkaian hildako pertsonetako bat, hasiera batean positibo gisa zenbatua, ez zegoen kutsatuta. Hortaz, koronabirusaren ondoriozko heriotzak guztira 11 dira EAEn.

Sailburuak herritarren lankidetzarako deia berretsi du, "koronabirusaren transmisioa geldiaraztea guztion erronka delako. Osasun-agintariok erabat jabetuta gaude dagokigun erantzukizunaz, baina, era berean, garrantzitsua da biztanleek Osasun Sailaren gomendioei jarraitzea". Hala, birus hori lehendik ezagutzen genuen beste edozein bezala hedatzen dela (gripea kasu) gogorarazi du, baina kasu honetan ez dugula immunitaterik hari aurre egiteko.

Azkenik, beste egun batez, gogorarazi du zeinen garrantzitsua den birusa zabaltzea saihesteko orain arte emandako gomendioei jaramon egitea:

-Eskuak arreta handiz garbitzea, eta are gehiago arnas sintomak dituztenek. Ez dugu ahaztu behar kutsapenen % 95 pertsonak sintomak dituenean gertatzen direla.

-Gainazalak garbitzea.

-Eztul egitean ukondoarekin edo erabili eta botatzeko zapi batekin estaltzea.

-Sintomak (sukarra, arnas sintomak) dituzten pertsonek ez dute egon behar adinekoekin edo gaixotasun kronikoak dituztenekin kontaktuan, edo leku publiko eta jendetsuetan.

92ra igo dira koronabirusen kasuak Nafarroan

Koronabirusak eragindako infekzio kasuek gora egiten jarraitzen dute Nafarroan eta 92 gaixora igo dira, horietatik 16 ospitaleratuta; horietako hiru ZIUn daude.

Hain zuzen ere, Osasun sailak emandako datuen arabera, Nafarroako Ospitale Gunean hamasei lagun daude ingresatuta, horietatik bi ZIUn; Tuterako Reina Sofia ospitalean, bost; Nafarroako Unibertsitate Klinikan, lau; UCIn, bat; eta San Miguel Klinikan, bat gehiago.

Foru exekutiboaren Osasun Sailak berariazko webgune bat sortu du Covid 19ri buruzko informazioarekin.

Webgunean Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizateko Ministerioaren gomendioei buruzko informazio eguneratua aurki daiteke, baita Nafarroan erabakitzen diren prebentzio-jarduerei buruzkoa ere. Era berean, ikus-entzunezko formatuan zein formatu grafikoan dagoen informazio-materiala dago, azken horrek inprimatzeko edo sare sozialetan partekatzeko deskargatu ahal izateko diseinatua.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Nafarroako albisteak Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Espainia NBE Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Bidaiak Koronabirusa Nafarroako Osasun Zerbitzua